IKUSMIRA(N)

Korrika, kilometro adina hitz

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2024ko mar. 1a, 17:00

Behinola, 20. Korrika gai hartuta ikerketa bat egiteko aukera izan nuen lau ikaskiderekin –eta lagunekin- batera. Korrikak Nafarroako zonalde ez euskaldun batean, Lizarran, une hartan eta iraganean sortzen zituen emozioen azterketa egitea zen gure ikerketa objektua.

Han joan ginen bada Lizarrara, gure ordenagailu, kamara, koaderno, lo zaku eta gainontzekoak zorroan hartuta. Eta egin genuen lana, baita aurkeztu ere: Irri, zirri, urri, Korrika iturri. Lizarrako Korrikara gerturatze bat emozioen begiradatik.

Landa lanak eskaintzen duen behaketa eta gogoeta uneez gain, eztabaida ugariko garaia izan zen. Bizia, ederra, zirraragarria eta oso estimulatzailea izan zen ikerketa hartan parte hartzea; gogoan iltzatuta geratzen den lan horietarako bat izan zen.

Ahalegindu arren, gu geu askatzeko gai izan ez ginen zeregin bat jarri genien gure inguruko hainbat lagun eta ezaguni. Galdera bat luzatu genuen, aurrez aurre, whatsappez eta e-mailez: «Zer da Korrika?». Hitz bakarrean, edo gehienez bitan definitzea eskatu genuen.

Asko itxaron gabe, berehala hasi ziren hitzak iristen. Pasarte ederrak jaso genituen, pertsonalak, noizbait euskara hurbildu zenaren bizipenak; baita, euskara hurbildu zenaren senide eta lagunen kontakizunak. Korrika Batzordeetako kideen hitzak; Korrikan parte hartzen zutenenak. Hitzak, idatziz, audio mezuz. Hitzak, batzuetan multzoka iritsi ziren, bat aukeratu ezinda agian. Hitzak, paperean egindako eskemei argazkia aterata bidali zuenik ere izan zen. Jasotzen genuen mezu bakoitzeko, esker ona, irria eta kide izaera sortzen zen gugan; nolabaiteko laztana. 130 bat erantzun jaso genituen. Erantzun metaforikoak, literarioak, eskematikoak, ironikoak, biografikoak… Hitzak, hitz asko errepikatzen zirenak, baina oso azalpen ezberdina zutenak bakoitzaren gibelean.



Euskara, Korrika da euskaldun guztiak lotzen gaituen soka, Euskararen taupada, hunkidura, nortasuna, auzolana, emozioa, poza, zirrara, ilusioa, gogoa, samurtasuna, berotasuna, maitasuna, urduritasuna, harrotasuna, indarra, borondatea, hunkigarritasuna, irrika, alaitasuna, adrenalina, auto-estima, aurrera, magia, ezjakintasuna, osasuna, mundiala, arnasaldia, beharra, ahalegina, konpromisoa, mugimendua, hizkuntza, herrigintza, herria, herri ekimena, Euskal Herria, euskalduntzea, batasuna, sinergia, lotura, elkarlana, gutasuna, potentzia, indarra, txutea, energia, hauspoa, bultzada, borroka, duintasuna, indargunea, kontzientzia leuntzailea…

Hitz izarra, gehien errepikatuena ezbairik gabe, «euskara» izan zen; eta jarraian, emozioa eta poza. Korrikak herriz herri, pausoz pauso zirauen bitartean, eta ondorengo egunetan ere, prentsan izan genuen zer irakurria (egunotan izango dugun moduan). Zenbaitetan, gure galderari erantzuten ote zieten ere pentsatu genuen, iritzi artikuluetan zer da Korrika definitzen saiatzen zirenean. Honela, Ilaski Serranok, iritzi artikulu baten amaieran honakoa zioen: «Zer den Korrika? Hori dena eta gehiago. Amesten dugun herriaren metafora eta gutariko askoren bizitzen laburpena». Lorea Agirrek berriz, «Korrika ez da jendea korrika. Korrika mundua ulertu eta izendatzeko beste modu bat da», idazten zuen Berrian.

Eta orain, lagun, zer da Korrika zuretzat?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!