Inauterietako eguraldi iragarpena

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2026ko otsailaren 10a

Giro lasaiarekin hasiko dira Tolosako inauteriak; Ostegun Gizenean hodeitsu egongo da, baina gauera arte ez du euritara joko. Ostiral Mehean eta Zaldunita bezperan euri-giroa izango dugu, eta Zaldunitan eta Astelenitan ateri egongo da. Asteartitan berriz ere giro lasaia nagusituko da. Iragarpena joera bat da, giroa oso aldakor baitago.

Ostegun Gizena
Hodei dezenterekin hasiko da eguna, eta eguerdiko edo arratsaldeko lehen orduak arte tantaren bat bota dezake. Hala ere, oso gutxi litzateke. Arratsaldea oso lasaia izango da, nahiz eta pixkanaka hodeiak nagusituko diren. Gauean euritara joko du. Goizean eta gauean mendebaldeko haizea izango da nagusi, eta arratsaldean hego-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura 14-16 gradu ingurukoa izango da.

Ostiral Mehea
Zerua estalirik agertuko da goizean goizetik, eta euri-giroa nagusituko da. Goizean zaparradak tartekatuak izango dira, eta ez du euri asko egingo. Arratsaldean, aldiz, zaparradak ugariak eta mardulak izango dira, eta tarteka euria gogotik egingo du. Gauean ere euritsu jarraituko du. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea izango da nagusi. Tenperatura gehienez 10-12 gradukoa izango da.

Zaldunita bezpera
Goizean euri-giroa nagusituko da, zaparradak sarri xamar eta mardul botako ditu. Arratsaldean pixkanaka euria gutxitzen joango da, eta ondo bidean, gau aldera atertzera egingo du. Ipar-haizea nagusituko da, eta hotz egingo du, termometroek nekez gaindituko dituzte 6-8 gradu.

Zaldunita
Hodeitsu egongo da zerua egun osoan, eta eguerdi aldera zertxobait busti dezake. Ezer gutxi, hala ere. Egunaren gehienean ateri egongo da, baina gau erdi aldera euritara joko du. Haizea aldakor antzean, beti ere, hego ukitutxo batekin. Tenperaturak nabarmen egingo du gora, eta termometroak gehienez 12-14 gradura iritsiko dira.

Astelenita
Goizean giro tristea izango da, zaparrada batzuekin. Arratsaldean, berriz, atertu eta ostarteak irekiko dira. Goizean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean hego-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura gehienez 14-16 graduan kokatuko da.

Asteartita
Inauterietako azken egunean giro lasaia nagusituko da. Egun osoan erdi eta goi-mailako hodeiak ostarteekin tartekatuko dira, hodei gehiago izanik egunaren azken orduetan. Ateri egongo da, hala ere. Hego-mendebaldeko haizea izango da nagusi, eta termometroak gehienez 16-18 gradura iritsiko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!