Herenegungo ATARIAn erabaki horren ondorio baten berri irakurri dugu: Alegialdea eta Tolosa lotzen dituzten autobusei San Frantzisko elizako geltokia kendu dietela, eta hemendik aurrera Lurraldebuseko linea horren abiapuntua eta helmuga zezen plazan izango direla, horrela lortuko dutelako Rondilla kaleko autobusen zirkulazioa arintzea.
Albistean azaltzen denez, Tolosatik Amezketara doazen autobusek lau geltoki izango dituzte: zezen plaza, Renfeko bidegurutzea, Araba etorbideko biribilgunea eta Bentaundi. Horrek, ordea, ez du esan nahi herri osoan orekatuta banatzen direnik, erdigunea eta hainbat zerbitzu publiko urrutiago geratuko baitira erabiltzaileentzat. Zezen plazako geltokitik Trianguloa plazara edo erdialdeko dendetara 550-600 metro daude, hamar bat minutuko bidea. Belateko osasun zentrora kilometro bat, eta Gizarte Segurantzako bulegora edo Lanbidera 1.2-1.3 kilometro, beraz, 20-25 minutu oinez.
Lehen ere autobusa ez zen herriko gune guztietatik igarotzen, eta orain askoz baztertuago geratuko gara Amezketa aldeko erabiltzaileok. Zertarako? Egun oso-osoan (06:30-21:30) hamahiru aldiz besterik pasatzen ez den autobusa (69 minutuan behin, ezta orduero ere) Rondilla kaletik kentzeko.
Tolosako udalak hartutako erabakiak zuzenean eragiten die Bentaundiko tolosarrei, alegiarrei, Beloztegi eta Larraitz auzoetakoei, Ugartekoei, amezketarrei, Larraitz eta Abaltzisketakoei... Hori ote da benetan garraio publikoa sustatzeko eredua? Norbere autoa hartu eta Ferialekuan uztera behartzea? Edo agian izango da oinezko mugikortasuna sustatzeko ekimena.
Ez dakigu Lurraldebusek zer iritzi izan duen aldaketa hau dela eta. Erabiltzaileoi behintzat ez digute galdetu. Eta aldaketak eragiten dien herrietako udalek? Ba al zekiten zer ondorio izango zituen neurriak? Aztertu al zuten zenbat erabiltzaile igotzen edo jaisten ziren San Frantziskon eta Ibaiondon? Zein profil duten? Zer eragozpen sortuko dizkien?
Harrigarria da Lurraldebusen webgunean irakurtzea haren helburua dela «kalitatezko herriarteko garraio publiko eraginkor eta efizientea» ematea, herritarren eguneroko mugikortasun beharrei erantzutea, irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztien mugikortasuna sustatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere antzeko mezuak zabaltzen ditu: mugikortasun jasangarria, aukera berdintasuna, intermodalitatea eta hiriarteko autobus zerbitzuaren etengabeko hobekuntza.
Are gehiago, orain bi urte herritar batek egindako eskaerari erantzunez, Mugikortasuneko diputatu Azahara Domínguezek aipatu zuen «entzute aktiboa funtsezkoa» dela garraio publikoak herritarren benetako beharrei erantzun diezaien eta inor ez dadin eguneroko bizimodua egiteko ibilgailu pribatuaren mende egon.
Hitz horiek guztiak oso ondo daude, baina Amezketa aldeko autobus zerbitzuaren kasuan oso bestela jokatu dute guztiek itxura denez.
Amezketa aldetik Tolosara egunero joan-etorriak egiten ditugunok ez dugu pribilegiorik eskatzen. garraio publikoa benetan irisgarria izatea besterik ez dugu nahi: ibilbideak hobetu daitezela, ez okertu; erabiltzaileen iritzia entzun eta aintzat har dezatela; eta udalen, Aldundiaren eta Lurraldebusen artean irtenbide adostu bat bila diezagutela une honetan haserre bezain baztertuta sentitzen garen erabiltzaileoi.
Ana Agirre, autobus erabiltzailea