Uztailaren 1etik aurrera ezingo da ibilgailurik aparkatu Tolosako Zumarditxikian. Tolosako Udalak eremu horrek «urte luzez» izan duen «topagune, aisialdi-gune eta berdegune» izaera berreskuratu nahi du, eta, neurri berean, babesleku klimatiko bat lortu. 96 aparkaleku daude gaur egun Zumarditxikian, eta horien galera konpentsatzeko hainbat neurri jarriko dituzte martxan, besteak beste, aparkaleku berriak egokitzea, TAO sistema berria eta bonuak eskuratzeko aukera Arrillaga eta Alondegi plazetako aparkalekuetan.
Erabakia Tolosako Mugikortasun Jasangarrirako Planari lotuta dago, eta nabarmendu dute udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunez onartutako estrategiaren parte dela: «Horrez gain, auzotar askoren babesa izan du proiektuak, eta udal gobernuak bi oinari argi izan ditu: inguruaren zumardi itxura mantentzea, eta aparkatzeko alternatibaren plan erreala diseinatzea».
Neurri berriak
Eremu horretako aparkalekuen galera konpentsatzeko hainbat neurri hartu ditu Tolosako Udalak. Esate baterako, Rondilla kaleko eskuinaldeko aparkaleku guztiak 24 orduz bertakoentzat izatera pasako dira —orain arte gauen soilik aparkatu zezaketen hor bertakoek—, eta zamaketa lanak egiteko, berriz, goizetan Euskal Herria plaza ahalbidetuko dute eremu gisa.
Udaletik adierazi dute «bertakoentzako erabilera lehenestea» izan dela helburua: «Azken urteotan sortutako plaza berriez gain, Izaskungo igoeran, Soldadu kalean eta Rondilla kaleko eskuinaldean, guztira, 88 plaza jarriko dira bertakoentzat, 24 orduz. Epe motzean, Izaskungo aldapan beste 20 plaza gehitzea aurreikusten da». Aipatutakoez gain, Belate auzoan bertakoentzako gaueko aparkalekuak ere mantenduko dituzte.
Bestalde, Arrillaga plazako aparkalekuan 62 plazaren emakida egin dute Alde Zaharreko bizilagunentzat; eta Alondegi plazako aparkalekuan, berriz, 90 bonu eskuratzeko aukera egongo da —hilean 20 eta 30 euroko kostua izango dute, ordutegiaren arabera—. Aipatutakoaz gain, TAOren ordenantza berriak bertakoentzako txartelen «banaketa bidezkoagoa» bermatuko duela ere aipatu dute udal ordezkariek, eta horren adibidetzat jarri dute ezingo dutela egoiliar txartela eskuratu garajea dutenek.
Lanean jarraitzeko borondatea
Tolosako Andu Martinez de Rituerto alkateak udal-gobernuaren konpromisoa berretsi du: «2023-2027rako Agintaldi planean jasotakoaren bidetik, Zumarditxikia oinezkoentzat eta aisialdirako berreskuratzera goaz, bere izaerari eutsita eta interbentzio arina eginda. Eta hori guztia aparkalekuen alternatiba serio eta integral bat mahai gainean jarrita, auzotarren beharrak behar bezala identifikatuta eta aukerak emanez». Era berean, lanean jarraitzeko borondatea azaldu du Martinez de Rituertok: «Hemendik aurrerako ere, beste aukera batzuk lantzen ari gara, bertakoentzako aparkaleku aukera handitu eta kale bizigarriagoak izan ditzagun».
Aipatutako neurriak ekainaren 10ean aurkeztu zituen Tolosako Udalak Alde Zaharreko bizilagunekin egindako bileran. Bilkura hartan 50 herritar inguruk hartu zuen parte, eta alkatearen zein Ander Figuerido Hirigintza zinegotziaren eskutik jaso zituzten azalpenak. Horrez gain, ekainaren 11n merkatariekin ere egin zuten bilera, xehetasun berak azaltzeko.