Euskal Mitologiaren biologia III

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2018ko uzt. 22a, 14:42

Ikasturteari amaiera on bat emateko, ze hoberik, gure mitologiari azken errepaso bat ematea baino. Hiroshi Uzumakiren tesiaren hirugarren atal honetan, Zezengorriez ariko gara. Dakizuenez, doktoretza tesi honek laugarren atal bat badu, baina hau beste ikasturterako utzi beharko dugu, izan ere, Zezengorriek, tesiaren zati benetan handia betetzen baitute.

Eta dakizuen bezala, internet bidez oso erraz topatuko duzue Uzumaki biologoaren tesi hau, gehiago sakondu nahi duenarentzat informazio gehigarri ugari du eta litekeena da gure gobernuko baten bati interesa piztea eta Euskal Herriko Unibertsitatean ere, mitologiaren biologia katedra sortu eta bertatik honelako tesiak sortzea, zergatik ez? Askoz ere gai «arraroagoekin» ere egin izan dira tesiak!

Hiroshi Uzumaki biologo famatuaren tesiaren hirugarren zatia, Zezengorri espezieari dagokio, misterio ugariz betetako mitologiaren zatia dugu Zezengorriena. Gure mitologiak, kobazuloetan gordetzen diren suzko zezen gorri bat bezala deskribatzen digu, oso oldarkorrak kobazulora zerbaiten bila doazen bisitarientzat, eta sarritan ere esan izan da, izpirituak direla. Ba guzti hauek pikutara bota ditu Uzumakiren tesiak. Biologo honek, betiko moduan toponimoak erabili ditu bere ikerketa aurrera eramateko, kasu honetan Gorbeiako Atxulaur mendian dagoen erreferentzia batetik abiatu zen bere taldea Zezengorrien bila, bertako koba batean deskribatzen baitu gure mitologiak Zezengorrien presentzia. Kobetan ikerketa hauek egitea benetan nekeza eta arriskutsua da eta kasu honetan, Dragorlav unibertsitateko espeleologi eta geologiako lau aditu eraman zituzten, Atxulaurreko kobetan barrena biologoek seguru lan egin zezaten. Kobaren lehen 100 metrotan aurkitu zituzten gorotzek esan zieten bertan izaki bizidunak zeudela, baina kobaren oso barrura sartu behar izan zuten lehen soinuak atzeman eta bertan kamerak kokatzeko. Koba barruko habitata ahal zen gutxien aztoratzeko, Uzumakiren taldeak koba kanpoan muntatu zuen kanpamentua eta koba barruko azterketa, kamera bidez egin zuten.

Tesiaren arabera, Zezengorriak, behi espezie bat dira, orain milioika urte kobetara egokitu zirenak eta bertan egin dutenak beraien bizimodua, saguzarren antzera. Kobetarako egokitzapenagatik, tamaina nahiko txikia duen espeziea da, Zezengorri heldu batek soilik metro bateko altuera har dezake, horregatik, Uzumakiren taldeak Bos pygmeus izen zientifikoa eman dio. Espezie honen kolorea ez da gorria, gardena baizik, azal oso mehe eta ahula dute, koba barruan ez baitute eguzkitik babestu beharrik, eta beren gorritasuna, azalaren azpitik ikusten diren odol hodiek ematen diote. Aipatu izan da Zezengorriek altxorrak babesten dituztela kobetan, baina hau ez da horrela, Zezengorriak oso lurraldekoiak dira, batez ere arrak, eta beraien kobaren zatia gogotsu babesten dute. Normalean kobaren sakonean emeak elkartzen dira, beren kumeekin, eta arrek kobaren amaierara joateko ohitura dute beren eremuaren bila. Indar gutxien edo osasuntsu ez dauden arrak, kobaren atariraino joan ohi dira beste ar osasuntsuagoek egindako presioagatik, horregatik, tartean Zezengorri ahulak topatu ahal ditugu koba atarietan. Ugalkortasun tasa oso baxuko espeziea da, bi urtean behin sartzen dira araldian eta eme bakoitzak kume bat edukitzen du, non bi urte luzez esne garden batez elikatuko duen. Kobazulo barrenetan elikagai gutxi egon ohi dira, horregatik espezie honen eguneroko jarduera nahiko motela izan ohi da eta egunaren zati handi bat kobazuloko zoruan lo ematen dute. Kobazulo barrenean bista erabiltzea ia ezinezkoa denez, bista txarra du animalia honek, aldiz, usaimen eta entzumen bikaina dute, horrez gain, hanka oso sentikorrak dituzte eta kobazulo pareta zein lurretik bidaiatzen duen edozein bizidunen bibrazioak atzeman ditzakete. Bibrazio hauek, taldean komunikatzeko erabiltzen dira, hankekin, lurra kolpatuz edo adarrekin kobako paretak zarrazkatuz, oso arraroa da beraz, Zezengorri baten marrua entzutea, ia ez baitute entzumen bidezko komunikazioa erabiltzen. Datu interesgarriena, Zezengorriek jariatzen duten sua da. Mitologiak dio, sudurretik sua botatzen duten izakiak direla baina Uzumakiren taldeak fenomeno hau oso ongi filmatzea lortu du eta sudurretik duten jario hau ez dela sua ikusi dute, lerdea baizik. Arrak araldian daudenean, lerde gorri-horizta bat isurtzeko joera dute, kobako paretak beren listuarekin markatuz. Badirudi listu honen barruan, argi fluoreszentea ekoizteko gai diren mikroorganismoak bizi direla, baina hau aztertzeko adinako Zezengorri listurik ez da lortu oraindik.

Eta honekin amaitzen dugu batetik ikasturtea eta bestetik gure mitologiaren iluntasunak argitzeko lana. Uda ostean Marik edo Lamiek nahi badute, berriro hemen izango gara, gure ekokulturaren txoko txiki honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!