Unibertsitate hau, Dragolav International Mitology Institute deritzona da (DIMI), eta izenak dioen bezala, Dragolav hirian kokatzen da. Bertatik, ehunka biologo tesi atera dira, hala nola, mitologia nordikoaren espezie zerrenda egin zuen Neil Grimfrost, Irlandako iratxoen bizi zikloa aztertu zuen Kylan O´Malley edo Ingalaterrako herensugeen ugal moduak aztertu zituen Brian Standey biologo famatua. Ene irakurleek ez dakitena da, biologo japoniarra den Hirosi Uzumaki-k euskal mitologiaren izakirik famatuenen biologia aztertu zuela eta tesi bat argitaratu berri duela, euskaldunontzat datu interesgarri mordoa lortuz.
Guztira lau euskal izaki mitologiko aztertu ditu, ikertzeko errazenak zirelako eta geografikoki oso gertu kokatzen zirelako: lamiak, Tartaloren espeziea, sugarrak eta zezengorriak. Izaki hauek ikertzeko, beraien bizitokietan ipinitako kamera infragorri, dron hegalari eta praktiketan zeuden sei biologoren laguntza izan du, tartean basozainek eta inguruetako jendeak lagundu dien arren. Ikerketa hiru urtetan luzatu da eta izaki mitologiko bakoitzari eskainitako lau tesietan argitaratu da bilduma osoa, guztira 345 orrialde betez. Gaurkoan, lamiei eskainitako zatiaren laburpen bat dakarkizuet. Hala ere, tesi osoa Dragolav-eko unibertsitatearen web orrian dago oso-osorik, eta ingelesez.
Lamien espeziea edo berak izendatu duen bezala, Lamiae aquadartilium, Bedaio inguruan dagoen «lamialeku» toponimoan ikertu da, bertan oso ugariak baitira izaki hauek, Gipuzkoako erreka gehienetan populazio egonkor gehiago dauden arren, hala nola, Albizturko errekan, Agauntza errekaren goi ibilguan edo Altzo azpiko errekan. Jose Miguel Barandiaran handiaren liburuetan, lamiak soilik emeak zirela uste zen arren, Hirosi Uzumaki biologoaren ikerketen arabera, lamia arrak ere ba omen daude, baina itxuraz emeen oso antzekoak omen dira eta bista hutsez zailak bereizten. Ar zein emeek ile hori luzea dute, baina emeek, arrek ez bezala, bular pare txiki bat dute, nahiko zaila bereizten. Hala ere, emeek joera gehiago omen dute ur ertzera ateratzeko, arrak ur sakonagoen zale diren heinean, horregatik dira emeak errazagok ikusten. Udaberri hasieran ar zein emeak erreken jaiotze eremuetan elkartzen dira, Aizkorrin, justu Oria ibaia jaiotzen den lekua omen da lamien ugaltze leku oso ohikoa, Uzumakiren tesiaren arabera, bertan 50 ale baino gehiago elkartzen omen dira urtero.
Sasoi honetan, arren ilea ilunagoa izaten da eta bizar moduko bat ateratzen zaie aurpegian, horrez gain kantu ilun eta sakon batekin erakartzen dituzte emeak, eta lehia handia bada arren arteko borrokak izaten omen dira, baina soilik lehia hauen %12a iristen omen da heriotzara. Lamien ugalketa ikustea ez da oraindik lortu, litekeena da arrek ur sakonetan habia edo zulo moduko bat egitea eta emeak arrautzak bertan utzi ostean arrautz hauek arrek ernaltzea, ur sakonetako arrainek egiten duten antzera. Beren ugalkortasun tasa ez da oso handia izaten eta orain arte ez da antzeman, kume bat baino gehiago duen lamiarik. Behin kumeak arrautzetik irtetean, emeek taldeak osatzen dituzte eta ur sakonetara jotzen dute beren kumetxoak haztera, lehen astean emeak berak eraman behar du kumetxoa ur azalera arnasa hartzera, izan ere, izaki hauek ezin dute urpean arnastu eta izurdeen antzera noizbehinka arnasa hartzera atera behar omen dute. Sasoi horretan arrak desagertu egiten dira hilabete batez, Uzumakiren tesiaren arabera ur sakonetara jotzen omen dute eta bertan lozorro moduko batean sartzen omen dira, baina urpeko filmaketek ez dute hau antzematerik izan. Lamia kumetxoak astebete barruan igeri egiteko eta arnasa hartzera igotzeko gai dira, amak bularretik ematen dion esne moduko batetik elikatzen da hilabete batean zehar, gero arraina eta uretako karramarroak gehitzen ditu bere dietara eta urtebete barruan, lamia heldu bihurtzen da.
Ikerketa honek euskal mitologiaren zoko ilun asko argitu ditu eta biologo askoren jakin-mina ase, baina oraindik asko dago izaki liluragarri hauen bizitzaz ikasteko. Biologo xume honek benetan miresten du Hirosi Uzumaki jauna, basoan ezkutatzen den animaliak ikertzea zaila bada, ez nuke imajinatu nahi lamiak ikertzeak dituen zailtasunak.
Nahiz eta lamien existentziaz dudarik ez dagoen arren, askok diote tesi hau Zifuntestarreneko Kristinaren masterra bezain faltsua dela eta Hirosi Uzumaki, zein Dragolav unibertsitatea ez direla existitzen, nork daki, izena duen oro baldin bada...