Baina norbaitek gehiago jakin nahi badu eta ingeles maila ona badauka, sarean zintzilikaturik dago Hirosi Uzumaki biologoak euskal mitologiako gizakien gainean egindako ikerketa zientifikoa.
Guk Tartalo deritzogun izaki hau, begi bakarra duen izaki erraldoi bat da, gizaki zein ardiak jatea asko atsegin duena. Mitologiaren esanetan mendietan bizi dena eta kobazuloetan duena bere etxea. Hau da gure mitologia zoragarriak dioena, baina biologiak beste zerbait oso interesgarria kontatu digu.
Hirosi Uzumakiren taldeak, gure mitologiara jo du Tartaloren espeziea atzeman ahal zuten eremuak mugatzeko eta Zegama inguruko Trikumuño mendiaren magaletatik barrena ibili dira, bertan Tartaloetxe toponimoa baitago eta Tartaloren historia famatu batek, hor kokatzen den Sadar mendia aipatzen baitu, beraz, hau izan da ikerketa honen eremua. Honelako haragijale handi baten behaketa egiteko, argazki tranpak, zuhaitzetan kokatutako kamera ezkutuak eta soinu bidezko erakarpen metodoak erabili dituzte.
Mitologiaren esanetan, Tartalo izaki bakar bat den arren, espezie bat da eta munduan nahiko ugari zen orain milaka urte, horregatik izen asko hartu ditu espezie honek munduan eta historian zehar: Grezian «Ziklopea» deritzoten eta Kantabria eta Gaztelan «Ojancaru» izena eman zioten. Gaur egun, Tartalo espezieko ale oso gutxi daude eta Hirosi Uzumaki taldearen tesiaren arabera, Gipuzkoan soilik hamalau bikote zenbatu dira. Izan ere Tartalo espeziean, arrak eta emeak daude, gure mitologian soilik arra dela sinistarazi diguten arren. Tartalo espezieari (Ciclops antropomorphus) izena ipini diote, eta gurean dugun espeziea Galiziakoaren oso antzekoa omen da genetikoki, jatorri bera izan zuten noizbait, gaur egun morfologikoki apur bat bereizi ahal diren arren. Guztiak begi bakarreko izakiak dira, bi hanken gainean ibiltzeko joera dutenak eta esku formako atzaparrak dituztenak, lau behatzez osatuak. Begi bakarra duten arren, bista bikaina dute, izan ere, begiak ia aurpegiaren eremu handi bat betetzen baitu, honela, hontza batek adinako ikusmen eremua ematen dio aurpegiko begitzarrak, nahiz eta hau ezinezkoa zaion mugitzea. Espezie honetan emeak oso handiak dira, eme osasuntsu batek bi metroko altuera eta berrehun kilotik gora pisa ditzake, arrak ordea metro erdi neurtzen dute eta emeen oso ezberdinak dira. Izan ere, arrak lau hanken gainean ibiltzen dira, begi bakar handiko zakur baten antza dute, zailak dira oso ikusten.
Maldiozuloko (Zegama) zuhaitz batean filmatu zenaren arabera, Tartalo arrak eme taldeen inguruan bizi dira, etxeko animalia baten antzera, emeek utzitakoaz elikatuz eta zenbaitetan, sagutxo eta erbiak ehizatuz, beraien hortzez betetako ahotxoarekin. Ugal sasoian ordea, emearen bizkarrean atxikitzen dira eta honela egoten dira hilabetez, zakil moduko luzaki batekin emea etengabe ugalduz, azkenean goseak jota hiltzen dira. Eme bati bere arra hiltzen zaionean, erritual moduko bat egiten dute eta lauzpabost emeen artean jan egiten dute, honela haurdun dauden emeei energia ematen die hil berria den arraren gorpuak.
Haurdun dagoen eme batek, kume eme bat eta ar bat erdituko ditu, baina momentu ezberdinetan. Ernaldu eta lau hilabetera arra jaiotzen da, hau oso autonomoa da jaiotzean eta segituan ipintzen da lau hanken gainean, bere kasara biziz. Kumetxo emea, amaren barruan gehiago egoten da, eta zortzigarren hilabetera jaiotzen da, arra baino dependentzia handiagoa du, eta urtebetez ama eta taldeko beste emeen zaintzak behar ditu. Horretarako Tartalo emeek, buru atzetik esne moduko elikagai azukretsu bat ekoizten dute eta kumeak bizkarrean itsatsi eta bertatik edan besterik ez du. Kumea amaren bizkarretik askatzen denean, amak eta inguruko emeek ongi babesten dute bere kumetxoa, izan ere, kumeak duen areriorik handiena, inguruan dabiltzan arrak dira, emeak kumerik gabe uzteko helburua baitute, berriro beraiekin ugaltzeko. Hirosi Uzumakiren taldeak atera dituen datuen arabera, lau urtetan zehar jaio ziren kume emeen %30a, inguruko Tartalo arrek akabatu zituzten, beraz, espezie barruan dituzte Tartaloek areriorik okerrenak. Espezie hau taldean mugitzen da, eme nagusi bat, beste hamar eme eta eme bila dabiltzan hogei ar ingururekin. Erabat haragijale direla uste arren Uzumakiren taldeak hau ezeztatu du eta orojaleak direla aipatzen du, horregatik etengabe elikagai mota ugariren bila mugitzen dira, baina giza jarduerak espezie honen habitata asko murriztu du eta urtean zehar kotxez kolpatuta hiltzen diren Tartalo ugari izaten dira.
Poliki-poliki pixka bat gehiago dakigu gure mitologiako izaki bizidun hauetaz, Barandiaran handiak burua altxako balu...