Gizartea goitik behera astindu du COVID-19 gaitzak, eta, gaur-gaurkoz, munduko gobernu denen lehentasuna osasun krisiari aurre egitea da. Txertaketa kanpaina masiboak egiten hasiko dira han eta hemen, eta, dirudienez, hori ezinbestekoa izango da pandemiari aurre egingo bazaio. Baina osasun krisia igarotzen denerako, esperoan egongo da beste bat: ekonomikoa. Enpresa gehienak egoera berrirako txertoa bilatzen hasiak daude, eta bakoitzak bere egoerara egokituko du sendagaia. Euskaraldiak antolatuta, atzo solasaldi bat egin zuten Donostiako Tabakaleran, eta gai horren bueltan aritu ziren Aritz Otxandiano Fagor taldeko berrikuntza sozialeko arduraduna, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria, eta Mari Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari tolosarra. Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza(k) izeneko mahai inguruan, arlo sozial eta ekonomikoan hizkuntzak duen garrantzia nabarmendu zuten hiru hizlariek.
Gobernantza modu berrien inguruan hausnartuz hasi zen Goia, eta nabarmendu egungo erronkei heldu behar zaienean eremu askotan ez zaiola balio erantsirik ematen euskarari: «Baina askotan ez gara jabetzen euskara ez dela hizkuntza bat bakarrik: mundua ikusteko modu bat ere bada. Adituek diote arlo bakoitzeko erantzunak norbere ikuspegitik eman behar direla, eta hor ikusten dut euskarak izan dezakeela bere rola; egoera jakin batzuei erantzunak emateko momentuan, tresna oso indartsua izan daiteke».
Norberaren mundu ikuskeran eragina baitauka hizkuntzak, Arangurenek esan zuenez: «Arazoei aurre egiteko modu ezberdina ematen du, ikuspuntu ezberdinak». Azaldu zuenez, Orkestrako lantaldean aniztasun handia daukate kideen jatorriari dagokionez. «Egoera batzuetan, ikuspuntu ezberdinetatik aurre egiteko moduak dauzkagu; batzuek ikusten dituzte gauza batzuk guk ikusten ez ditugunak, eta hortik jo beharko genukeela iruditzen zait». Aniztasun horrek ematen baitie eurei ere ikuspegien aniztasuna.
Euskarak tokian tokiko ikuspegi bat eskaintzen duela aipatu zuen batak, eta hizkuntza aniztasunak ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituela besteak. Horrek guztiak enpresen eguneroko jardunean positiboki eragin dezakeela bat egin zuten, eta balio erantsi hori izan dezakeela euskarak. Baina hori horrela izanda ere, «euskararen ezagutza ez da baldintza moduan ezartzen enpresa pribatuaren sektorean». Arangurenen arabera, enpresa askoren ikuspegitik, lanpostu baterako bete behar diren gaitasun teknikoek hizkuntzek baino garrantzi handiagoa hartzen dute. Eta ikuspegi hori gailentzen den bitartean, lan arloa euskalduntzea zaila izango da.
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.