Bukatu da aurtengo Euskaraldia. Edo, hobeto esateko, bukatu da euskararen erabilera sustatzeko ariketa erraldoiaren hamabost eguneko epea, baina orain beste etapa bat irekitzen da, eta horrek ere baditu bere zereginak eta xedeak: hamabost egunean iraulitako ohiturei, finkaturiko harreman berriei eta irabazitako guneei eusteko garaia da gaur hasi eta hurrengo Euskaraldira artekoa.
Ariketaren balorazioa egiteko agerraldian, ideia hori nabarmendu zuten atzo eragileek: «Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa eman digu egunotan», esan zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak, «eta aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain».
Zupiriak esan duenez, Euskaraldiak erakutsi du posible dela «ohiturak aldatzea» eta euskaraz «uste baino gehiago» bizitzea. Horregatik, dei egin du kanpainaren txapak emandako «ahalmenak» baliatzera eta Euskaraldian «lortutako adostasunak eta identifikatutako guneak» erabiltzera euskaraz aritzeko.
Ariketa sozial masiboa
Aurtengo Euskaraldia «ariketa sozial masiboa» izan da, Euskaltzaleen Topaguneko Kike Amonarrizek esandakoaren arabera. Orotara, 179.780 lagunek eman dute izena «hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertzia linguistikoak astintzea helburu izan duen ariketan».
Herritarrek eta eragileek batere aldekoa izan ez den testuinguruan egin dute hori guztia. COVID-19aren izurriak eragindako egoera ez da egokia izan pertsonen arteko harremanetan oinarritzen den ariketa baterako. Hala ere, «herri gogoa», Amonarrizen hitzetan «hainbat hamarkadatan gauza harrigarriak egitera eraman gaituena», gailendu egin da berriro, eta erakutsi du Euskal Herrikoa «gizarte bizia» dela.
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.