Etxealditik Euskaraldira abiatu dute, hizkuntza ohiturak aldatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Ane Txoperena Iribarren 2020ko api. 16a, 13:47

Apirilaren 20an abiatuko da egitasmoa, eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen den Euskaraldia prestatzeko baliagarria izatea espero dute sustatzaileek. Etxeko hizkuntza ohiturei buruz «hausnartu eta ekiteko» helburua izanen du.

«Bizi dugun egoera ezohiko honetan, zerbait baldin badaukagu, elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira», azaldu du Rita Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzaileak. Konfinamenduko harremanak hurbilekoekin izaten direla jakinda, etxekoekin eta etxetik kanpo herritarrek dituzten hizkuntza ohiturei buruz gogoeta eragitea da Etxealditik Euskaraldira dinamikaren helburua. Apirilaren 20an abiatuko dute, eta norbere ingurune hurbileko hizkuntza ohiturez gogoetatzeko gonbidapena egin ez ezik, ariketa sorta bat ere proposatuko dute hizkuntza ohiturak aldatzeko. Horretarako, dinamikak irauten duen artean goizero Euskaraldiko sare sozialen bidez eta Euskaraldiaren webgunean bideoak eta mezuak igota emanen dituzte parte hartzeko jarraibideak. Euskaraldiko herrietako batzordeek ere parte hartuko dute horretan. 

Aldabaldetrekuren erranetan, etxeko hizkuntza ohiturek eragina izan dezakete ondotik kanporako urratsa egiterakoan: «Etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea».

Lau fase izanen ditu dinamikak: aurkezpena apirilaren 20an eginen dute, hausnarketa fasea 21etik 23ra, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa proposamenena 24tik 30era, eta bukaerako ekitaldia maiatzaren 3an –apirilaren 30ean jakinaraziko dute nolakoa izanen den zehazki bukaera–. 

Parte hartzeko deia

Dinamika «bere egin eta parte aktibo izatera» gonbidatu dituzte herritarrak, fisikoki zein sare sozialen bitartez. Bigarren horren aukeraren alde egiten dutenei #EtxealditikEuskaraldira traola erabili eta @euskaraldia kontuari aipamena egiteko eskaera egin diete, «guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbidetzeko». Etxeetako leiho eta balkoietan, berriz, koloretako puntu bat jartzea eskatuko diete partaideei, egitasmoan parte hartzen ari direla adierazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!