Telesailak eta zinema

Giza Eskubideak eta 'western' filmak

Erabiltzailearen aurpegia Alain Rekondo 2024ko abenduaren 4a

Hurrengo astean egingo den Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren hirugarren edizioaz hitz egin dugu, baita Donostiako Tabakaleran gaurtik hasita ikusi ahal izango diren hiru western pelikulen inguruan ere.

Abenduaren 9tik 15era ospatuko da Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren hirugarren edizioa. Aurten, gainera, Errenteriako Udalak hamargarrenez antolatutako Giza Eskubideen Jardunaldiekin bat egingo du jaialdiak. Guztira hamalau filmek osatzen dute programazioa: bost luze eta bederatzi labur. Proiekzio hauek astelehenetik, hilaren 9tik, ostiralera, 13ra izango dira, Niessen Zinemetan, 19:00etan, doako sarrerarekin. Etxebizitzarako eskubidea, feminismoa, LGTBI kolektiboa, indarkeria politikoa, migrazioa eta ekologismoa dira aurtengo edizioan proiektatuko diren filmen gaiak. Saioetarako gonbidapenak Lekuona Fabrikan edo sarrerak.errenteria.eus webgunean eskura daitezke. Informazio osoa eta eguneratuta www.ggeefilm.com webgunean dago eskuragarri.

Bestalde, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta, eta Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, Donostiako Tabakalera egoitzako Nosferatuko pantaila western garaikidearen agertoki zabaletara egiten ari da bidea 2024an. 1962 aukeratu dute abiapuntutzat aurtengo ziklorako, orduan hasten baita western klasikoaren trantsizioa generoak hartuko dituen bide berrietara. Urtean zehar genero honetako hainbat film ikusteko aukera izan da bertan, eta gaurtik aurrera, beste hiru ikusi ahal izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!