2020ko Euskaraldiari begira motorrak berotzen hasiak zarete dagoeneko... Nola doaz prestaketa lanak?
Talde eragilea osatuta ari gara lanean. Orain arte entitateekin harremanetan jarri eta Euskaraldia zer den azaltzen aritu gara gehienbat. Hemendik aurrera, norbanakoen artean informazioa eta formazioa zabaldu eta Euskaraldian izena emateko aukera eskaintzea izango da egiteko nagusia. Aurreko edizioan egin bezala, mahai informatiboak jarriko ditugu puntu ugaritan, sortzen diren zalantzak argitu eta jendearengana heltzeko.
Ahobizi eta belarriprest figurak indartu nahi dira aurtengo edizioan...
Bi figura horiek sortu ziren 2018ko Euskaraldian, eta haien funtzioa ez da aldatu. Ahobiziak, euskaraz komunikatzeko gai diren pertsonak dira, baina horrez gain, konpromiso zehatza eskatzen zaie: lehen hitza euskaraz egitea, euskaraz ulertzen duenarekin euskaraz egitea eta hizkuntza erregistroa ez aldatzea, baldin eta inork eskatzen ez badio. Belarriprestak, aldiz, berari euskaraz egiteko prestutasuna azaltzen du.
Bereziki indartu nahi da aurtengoan belarriprestaren papera...
Tolosaldean euskaraz ulertu eta hitz egiteko gaitasun handia dago. Askotan gertatzen zaigu, ordea, euskaraz hitz egiten ez duen norbait gerturatzen zaigunean gu ere gaztelaniaz hastea. Gure jarduna euskaraz jarrai dezakegula adierazten digu belarriprestak. Prestutasun hori oso garrantzitsua da. Eguneroko ohitura linguistikoetan oso paper garrantzitsua jokatzen du, euskaldunoi euskaraz jarduteko bidea erraz diezagukeelako.