Eskualdeko batzordeak

"Euskaraz bizi eta lan egitea posible da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri Hedabideak 2020ko aza. 8a, 11:59

Mari Murua Altzoko batzordeko kidea da eta aurtengoan duela bi urteko Euskaraldia hobetzen saiatuko direla dio.

Nolakoa izan da Euskaraldia prestatzeko lana urte berezi honetan?

Udan zehar online egin genituen bilerak. Eta irailaz geroztik berriz ere aurrez aurre biltzen hasiak gara, segurtasun neurriak betez. Pixkanaka, baina gelditu gabe.

Entitate ezberdinei zuzendutako bilera antolatu genuen Altzon, eta talde ugarik egin zuen bat. Erantzuna ona izan da. Entitateek ekimenean izena emateak barruko norbanakoek ariketan parte hartu behar dutela esan nahi du; norbanako horiek egingo dutela lan. Ea guztion artean emaitza positiboa lortzen dugun.

Entitateen izen-ematea amaituta, eta norbanakoena martxan dagoela, gu ere berotze lanekin hasiko gara herrian. Altzo herri txikia da, euskalduna, arnasgunea. Horretaz jabetu, eta besteentzat ere eredu izan behar dugu.

Zein giro sumatzen duzu kalean?

Berrogeialdian, etxean sartuta egon ginen garaian, giro polita sortu zen Euskaraldiaren baitan leihoetan koloretako borobiltxoak jarriz nahiz bideoak zabalduz. Orain, norbanakoen izen-ematearekin, eta herri mailan aktiboki ekintzak antolatzen hasten garenean piztuko da giro hori berriz ere.

Euskaraldian parte hartzera animatuko nuke jendea. Orain euskaraz hitz egitea gerora begirako lana baita. Oraindik euskaraz egiteko ohiturarik ez duenak, pauso bat ematea besterik ez luke. Eutsi egin behar zaio, saiatu, eta aurrera egin.

Zein helburu nabarmenduko zenuke aurtengorako?
Orain bi urtekoa hobetzen saiatu, eta beste herriei begira eredu izatea. Euskaraz bizi eta lan egitea posible dela erakutsi behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!