Ez diet kontatu nahi. Ez. Keba. Hobe isiltzen banaiz. Baina isilik geratuz gero eta gertatutakoa gordez gero, egia ezkutatzen ari naiz, eta afalostetan behin eta berriz azpimarratu duten moduan egia ez esatea gezurra esatea ere ba omen da, ondorioz, egia ez esatea lagun ona ez izatea da; alegia, isilik geratuz gero egia gordetzen ari naiz eta, orduan, ez naute lagun on kontsideratuko. Ez dut beren onarpenik izango. Iltzatuta ditu ezer gutxi kontatzen duten lagunek laguntasuna epaitzeko emandako argudioak. Zer demontre, nahiago dut isilik geratu. Ez dut trantze horretatik pasa nahi. Kontatu epaitua ez izateko eta zertarako? Kontatuko dudanagatik epaitzeko. Korapilatuta ditu pentsamenduak. Gainera, esango dute, bere burua aski duen emakume autonomo, feminista eta askearen gaineko sermoia botatzen diet larunbatero-larunbatero, zer eta nik mugak onartzeko. Berak nahi duenera mugatzeko. Arrazoi dute horregatik epaituko banindute. Puf. Baina epaitzea ez da laguntzea, ez. Ez, ezta?
Parranda osteko egun batean, aje bete-betean dagoenean, herriko txistulariek esnatzen dietenean baino buruko min handiagoa dauka. Lehertzear sentitzen du burua. Biharamunarekin BECeko bertso saioa jarraitzea baino esfortzu handiago eskatzen dio buruan jira eta bira, hara eta hona, dabilzkienak ulertzea. Buruari ez dio ahalegin gehiago eskatu nahi eta ohetik jaiki, bakero zaharrak jantzi, pijamaren gainetik jertsea jantzi eta beheko tabernara jaitsi da.
- Bai?
- Kafe hutsa, mesedez.
- Ristretto, lungo edo doppio? Eta ehotzeko kafe alea? Arabica eta Robusta kafeondokoak dauzkagu. Zein nahi duzu?