Kuleroak V

Ni izotz. Bi hotz. Bi hots, bihotz. Pum-pum. Lo hartu ezinda zaudenean erlojuaren tik-takek bezain urduri jartzen die Y-ren bihotz taupada lasaiek. Pum-pum. Begiak zabal-zabalik ditu X-ek sabaiari begira. Y-k ahoa du zabalik eta zurrungaka ari da.

Lo seko dago. Ametsetan. X lagun artean horrenbeste alditan amestu duten gau bateko amodio-historia bizitzen ari zen arren, horrek gutxi zuen ametsezkotik. Zero.

Alde batera eta bestera mugitzen hasi da X, ohe zaharkituaren kirrinkarekin Y-ren zurrungak baino hots gehiago atera nahian, nahigabe Y esnatzeko. «Esnatu dadila, eta konturatu bere beroaldi egoistak hotz-hotz utzi nauela», pentsatzen du bere baitako X-ek, erdi haserre, erdi triste, etsitzen hasita, eta jakitun Y esnatuta ere ezer gutxiz konturatuko dela. Izaretatik tiraka hasi da, Y biluzik geratu eta hotzaren hotzaz esnatzeko. Ez da esnatu, ordea. Espazio publiko batean sabelusten ari zarenean egiten duzun moduan, eztulka hasi da X. Baina Y-k lo jarraitzen du.

Etsita, kuleroak jantzi ditu bueltan X-ek, puntilladunak. Eta pentsatzen jarri da afalostean lagunartean izandako hizketagaietan amesten duten gau ero hori zenbati kakaztuko zitzaien, zapuztu. Alta, dagoeneko zenbat pasa diren bera pasa berri denetik eta ez gau bateko ostatua denean, baizik eta eguneroko aterpean.

Haatik, badaki, lagunei zerbait deskribatzekotan, ametsean falta zen beroa deskribatuko diela, plazeraren eroa. Eta beheko sua gezurrekin hauspotzen jarraituko dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!