III. Kuleroak

Publikoki erakutsitako galtzerdiko zulotik sartu daitekeen lots-parrastaren moduan sartu zait hezurretaraino haize boladak dakarren freskura. Hotzarekin etxerako bidea luzea egingo zaidalakoan, tabernaren beroan aterpea hartzera joan naiz berriz ere. Ezin, ordea. Ohiko agur kanta jarrita eta argiak piztuta daude.

Ispiluaren aurrean parrandan edandako guztiaren isla ikustea baino okerragoa da lagunaren lagunak, amaren lehengusuaren alabak, duela gutxi lanerako deitu zintuen herritarrak edo pixatokian begira harrapatu zaituen ezagun ezezagunak argipean ikustea. Ireki bezala itxi dut kasik tona pisatzen duen tabernako atea. Etxerako bidea hartu dut. Hotzez.

Alde zaharreko kaleak atzean utzi orduko korrika txikian hasi naiz. Itzulera bakarrik egiten dudan aldiro bezala, tartekatu egiten dut korrika saioa eta pauso moteleko atsedena. Arnas estuka hasi aurretik oinez hasi naiz. Ez dut atzera begiratu ere egiten; ez gaur, ez besteetan; korrika ezagunen batek ikusiko nauen lotsagorrituta, atzetik nor-nor segika izango dudan beldur. Imajinazioak ahalkearen eta izuaren muga etikoak hautsi aurretik iritsi naiz etxeko atarira.

Igogailuaren zain nagoela, berriz ere pixagura daukat. Etxerako bidea baina are luzeagoa egin zait laugarren solairurainokoa. Giltza sarrailan sartu eta hotsik egiteko asmorik ez nuen arren, zalapartaka joan naiz bainugelara, gerrikoa askatzen asmatzen eta azpiko arropa jaistea lortzen dudan bitartean.

Komuneko-ontzian eseri eta pixatoki publiko ilegaleko X-ekin gogoratu naiz. Berak, etxeratzean, ea puntilladun kulero beltzak garbitzera bota eta amak duela hamar bat urte larunbatetako ferian erositako kulero koloregabetu, eslastikotasun gabe eta zulatuak jantziko dituen galdetu diot nire buruari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!