ataria.eus

I. Kuleroak

Erabiltzailearen aurpegia Iritzia

Pixalarria dut. Kale bazterrean egin dugu topo. Emari luzeko pixa-erreka eginda nago ni. Azken tantak putzura erortzeko tabernan baino dantza gehiago egin dut. Bera, iritsi berri.

Ezagun ezezagunak gara. Lepoa jokatuko nuke, tabernan gurutzatuko bagina, ez lidakeela kasurik egingo. Ezta bekainak jasota ere. Pixatoki publiko ilegalean, ordea, agurtu egin nau. Edo hori uste dut, behintzat, ahoa ireki-edo, eta burua altxatu baitu.

Gabon! Erantzun diot nik. Erantzun, berak kasu egin badit, noski.

Atzerrian aurrez aurre topo egingo bagenu, kasik seguru, hizketan geldituko ginateke. Igogailuan izaten diren elkarrizketa bertsua izango genuke:

Hara, zu ere hemen! Esango nioke, bera hor dagoela jakitun.

Bai, oporretan. Beste ebidentzia batekin erantzungo lidake.

Baita ni ere. Zentzugabea zenari tiraka jarraituko nuke; eta, jarraian, zentzuzko zerbait esateko ahalegina egingo nuke, baina funtsik ez duen esaldi potoloegia esaten bukatuko nuke, esan ahala damutzeko. Ohi bezala. Luze egiten diren bi minutuak pasatuta, isiluneko segundo eternalek elkarrizketaren haria jandakoan, eta monosilaboek protagonismo gehiegi hartutakoan, elkar agurtuko genuke.

Ea beste egunen batean topatzen garen! Esango lidake, gezurretan.

Hori da. Zintzoa izan nahian, nik. Zintzotasunez egia esan beharrean, gezurra esango nioke. Zintzoki, nola ez.

Gizendu naizela onartu baino, nahiago izan dut armairuko etiketetako zenbakietan jarraitu, eta ia kabitzen ez zaizkidan prakak erosi ditut, argalduko naizenaren esperantzan. Galtzak lotzeko saiakeran, hizketan hasi zait ezagun ezezaguna:

Tapatuko? Baina ez begiratu, mesedez. Eskatu dit.

Gauaren ilunak ezin ditu gorde bere lotsak. Bizkarra eman diot, beldurrek ezkutuan jarrai dezaten. Baina bere eskakizunari ere bizkar eman diot istant batez. Nahi gabe, gordeketan jolasean ari den umeak eskuekin begiak tapatuta zenbatzen dueneko nahi gabe berberarekin. Belaunetaraino jaitsita zituen kuleroak ikusi dizkiot, nahi gabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa