II. Kuleroak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2017ko otsailaren 12a

Lentzeria beltza du. Puntilladuna. Ia zilborra tapatzen dio. Gurasoak pozik izango ditu, gerribuelta ondo babestua baitu. Goxo. Ipur masailak, ordea, bistan. Hori ez dute horren gustukoa izango: ipurdia bistan, agerian. Agerikoa da ilea kendu duela; ondo kendu, gainera. Ipur masailen arteko arrakalan ere ez du bilorik.

Pentsatu dut eranzteko asmotan jantzi dituela parpailadun kuleroak. Badaezpada, nor-nork kendu behar badizkio; edo nor-noren aurrean biluzi behar badu, zer gerta ere. Eta ilea ere intentzio horrekin kendu duela pentsatzen dut, gaua izara artean biluzik eta argiak itzalita, ezer ikusten ez baina ukituaren ukituz asko imajinatzeko balentrian bukatzen badu edo. Kulero fin-finak jantzi eranzteko eta ileak kendu iluntasunean ezkutatzeko.

Medikuarenera joatearen pareko. Gripeak jota zaudela, dutxako ur beroaren azpian jartzea esfortzu neurrigabea denean, azpiko arroparik txukunena aukeratzera behartuta sentitzen zara, gazteagoa zinela amak estreinakoz janzteko baten bat zenuela gogorarazten zizula akordatzen duzunean.

Jantzi-erantzi berriena jarri, alta, medikuak barruko arropari jaramonik ez egiteko.

Ni ohartzerako jaso ditu belaunetaraino jaitsita zituen kuleroak.

- Aio lehor batekin agurtu da.

- Agur hotz batekin erantzun diot, konturatu bainaiz konturatu gabe X-ek ez begiratzeko eskatu eta ni berari begira-begira nengoela.

Begira, ezer ikusi gabe, ordea; buruan medikuarenera azkenekoz joan nintzenean jantzi nituen galtzerdi zulatuak baineuzkan.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!