Zuek zer izango zarete, belarriprest edo ahobizi?
Miren Dobaran: Nik ahobizi aukeratu dut, nahiz eta izena eman dutenen %80k ere ahobizi aukeratu duen eta belarriprest-ak behar ditugun. Normala da [antolatzaileen ustez belarriprest kopuruak handiagoa izan behar du ahobizi kopuruak baino], bigarren aldia da, ez da erraza rol bakoitzak zer esan nahi duen ulertzea eta jendeak rolak gaitasunarekin lotzen ditu, jokabidearekin baino. Orekarik ez dago [belarriprest eta ahobizi portzentajeetan], eta hor jarri behar dira indarrak. Masa kritiko handia daukagu agian hamabost egunerako ahobizi konpromisoa ezin duena hartu, baina bai belarriprest-arena. Ez dakigu jende horrek rolak ez dituen ulertu eta horregatik ez den animatu belarriprest izatera edo zer gertatu den. Lana egin behar dugu, jendeari ulertarazteko eta beldurrak kentzeko.
Kike Amonarriz: Ahobizi izango naiz. Mirenek esan duenaren haritik, orain arte iritsi ez garen sektoreetara iritsi nahi baldin badugu progresioaren ideia oso inportantea da. Bi rol egoteak hori adierazi nahi du. Hizkuntza praktiken aldaketan badago graduazio bat: lehen urrats batzuk emateko prest baldin bazaude, baina ikusten baduzu ahobizi-aren konpromisoak urrutiegi dauzkazula, tarteko etapa bat daukazu. Tarteko etapa hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago sortuko ditugu euskaraz egiteko, eta orduan eta jende gehiago hurbilduko dugu euskararen praktikara.
Euskal Herri osorako ariketa berdin planteatzeak ez dauka arriskua ingurune batzuetan, batik bat euskaldunetan, ariketa ahultzeko?
K. Amonarriz: Kontrakoa ikusten dut. Herri txiki euskaldun batean, beharbada, txapak ere ez dituzte beharko zeren denek badakite euskaraz egiten dutela, baina herri txiki horietan ere, badira euskararen erabilera ohikoa ez duten pertsonak eta horiek hurbiltzeko belarriprest-aren figura ezinbestekoa da. Bestalde, ingurune edo familia erdaldunean bizi denari esaten badiozu mundu guztiari lehen hitza euskaraz egin behar diola eta inguruko guztiekin euskaraz egin behar duela, kolapsatu liteke eta utzi. Belarriprest-aren figura abegikorra da, motibatzailea, eta harrera funtzioa betetzen du.
Ehuneko bosta galdu genezake ahobizi-ak izan zitezkeen horietan? Bada, agian, gal genitzake, baina irabazteko daukaguna galdu genezakeena baino mila bider gehiago da.
M. Dobaran: Ados nago. Entrenamendua behar dute eta ezin dute ariketa hasi estresatuta. Jendeak serio hartzen du hau eta ondo egin nahi du.
Arigune-ena kontzeptu berria da eta pandemiaren eraginez zailtasunak izan dituzue haiek zer diren azaltzeko eta sortzeko. Zenbaterainoko sendotasuna izango du entitateek arigune-ak sortzeko hartu duten konpromisoak?
M. Dobaran: Saiatuko gara ahalik eta pedagogia lan onena egiten. Hala ere, hau ez da bukatuko edizio honetan. Arigune-ak egiteko sortu den dinamikari ematen diot batez ere garrantzia. Lantoki batean lantalde batek adostea zein hizkuntzatan hitz egingo duten eta hori mantentzea ikaragarria da, sekula ez da gertatu. Batzuek ulertzen dutelako eta besteak hitz egiteko gai direlako bilerak euskaraz egitea adostea normalizatu eta sistematizatuko balitz, askoz ere aurrerapauso handiagoak emango genituzke erakundeetan eta lantoki pribatuetan.
K. Amonarriz: Egin kontu arigune bakoitza sortzeko barne azterketa egin dutela, erabaki bat hartu dutela, jendearen onarpen bat egon dela… Hemen sortzen den ereduak hemendik bi urtera arigune-en potentzia biderkatu dezake eta konbentzituta nago oso emaitza onak lortuko direla aurten ere. Arigune-ak sortzeko eraman duten prozedura eramanda eta baldintza hauetan [pandemia garaian], esan nahi du oso jende motibatua eta kontzientziatua dagoela.
Kike Amonarriz: "Hor dauka indargunea Euskaraldiak, aurten hasitako bideari bi urtean segida eman beharko zaio, batez ere entitateen ikuspegitik"
Bigarren edizioan entitateek garrantzi berezia hartuko zutela esan zenuten. Nolako lanketa egin duzue?
M. Dobaran: Finantza erakundeekin batzorde bat daukagu lanean. Esan genien Euskaraldia zetorrela eta arigune-ak sortzeko eskatu genien. Erantzuna oso ona izan zen. Hemengo kutxek-eta aspalditik dituzte erabilera planak, nahiko irabazita ditugu, baina nik nahi dut Euskaraldia BBVAn edo Banco Santanderren egitea. Eta ondoren abia ditzatela euskara planak eta abar.
Saltoki handien batzordean ere berdin egin dugu. Batez ere egoitza kanpoan dutenei beren beregi esan zitzaien zein garrantzitsua den ez bakarrik 0 kilometroko produktuak izatea, baizik eta hemengo hizkuntzaren aldeko apustua egitea. Adibidez, Mercadonari esan diogu: hemengo produktuak saltzea kalitatezko zerbitzua eskaintzea da, baina hemengo hizkuntza eskaintzea ere bai. Era naturalean hartzen dute. Orain beraien arazo handiena da euskaraz aritzeko nahikoa gaitasun ez duten pertsonak ari direla kontratatzen, lan merkatuan ez dagoelako.
Bai finantza erakundeetan bai saltoki handietan, lehia handia dago eta hori guretzako ona da, zeren hasiko dira: “Zuk hemengo produktuak? Nik ere bai. Zuk hizkuntza? Nik ere bai”.
Bidea hori da, sektoreka aritzea eta bati esatea gizarte erantzukizunagatik egin behar duela; beste bati “zuk jakingo duzu, baina ez duzu salduko”; besteari kontsumitzaileak eskubidea duela.
K. Amonarriz: Lehia aipatu duzu. Euskaraldiak erreferentzia eskaintzen die oraindik euskararen gurdira igo ez direnei edo makal dabiltzanei. Euskal Herri osoan egiten den ariketa sozial masiboa izanda, daukan ikusgarritasuna handia da. Bezeroek, erabiltzaileek, herritarrek, ikusten dugu zeinek eman duen horretara pausoa eta zeinek ez. Horrek lehia positiboa sortzen du hizkuntza erabilerari begira. Herrietan ere nabari da.
Diskurtsoari dagokionez, sektorearen arabera egokitzen ari gara. Kalitatearen diskurtsoa daukagu, bezeroaren hizkuntza eskubideak… baina herriko kirol elkartera goazenean ere diskurtsoa doitu egin behar dugu.
Jarraitu irakurtzen argia.eus webgunean.