ELKARRIZKETA

«Oholtzatik eskaini ahal dezakedanaz geroz eta jabeago naiz»

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 15a, 11:58

Aitor Mendiluze Durangoko finalerdian, azaroaren 12an. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Durangoko eta Bilboko finalerdietan kantatu ondoren, finalean aritzeko txartela lortu du eta igandean Nafarroa Arenan ariko da; Bertsotan urteotan egin duen garapena erakusteko gogoz doa.

Zein tenplerekin zoaz igandeko finalera?

Ilusioz noa. Egun eder bat izango da eta gure kasuan opari bat ere bai. Hainbeste urte eta gero berriro beste final bat bizi ahal izatea ilusio pizgarria da. Astea lasai pasako dut, prentsarekin-eta konpromiso handirik hartu gabe. Lanean jardungo dut egunotan, egunerokotasunetik aldaketa handirik egin gabe.

Zalantza izan zenuen aurtengo txapelketan izen emateko. Ilusioa berreskuratu duzu behin parte hartuta?

Ez dut uste nire kasua bakarrik denik, baina bada garai bat non zalantzan jartzen duzun zure parte hartzea: Zertara noa? Zer eskaintzera noa? Zerk mugitzen nau txapelketa honetan? Horrelako galderak egiten dizkiozu zure buruari, eta nire kasuan, banuen zalantzatxo bat eskaini nezakeenaren inguruan. Ez hainbeste bertso mailagatik, zalantza gehiago nuen txapelketak harrapatzen ninduen momentuagatik. Niri txapelketa gustatzen zait, eta beti gustatu izan zait, baina txapelketetan parte hartzeak desgaste bat dakar. Ez da zenbaitek pentsa dezakeen bezain erraza; ez da joan, abestu eta kito. Baina behin txapelketan izena eman nuenean ondorio guztiekin eman nuen. Ilusioz hartu, eta ondo xamar atera zaidala esango nuke, beraz, pozik nago.

"Zertara noa? Zer eskaintzera noa? Zerk mugitzen nau txapelketa honetan? Horrelako galderak egiten dizkiozu zeure buruari, eta nire kasuan, banuen zalantzatxo bat eskaini nezakeenaren inguruan. Baina behin txapelketan izena eman nuenean ondorio guztiekin eman nuen"

Finalerdietan sartu zara txapelketan. Luze egin al zaizu itxaronaldia?

Ez zitzaidan bereziki luze egin finalerdi batetik besterako itxaronaldia, baina bai lehen saiora bitartekoa. Faseko azken saioa zen Durangokoa eta han hasteak suposatzen zuen nire bertso eskolako kideek bi aldiz kantatu zutela nik behin kantatzerako. Hilabete eta erdi zain egoteak, luzatu egiten du hasi bitarteko tentsio egoera. Neurri batean banekien txapelketa hasterako, eta uste dut horretan ere esperientzia garrantzitsua dela, ikusteko noiz hasi behar den estutzen eta noiz erlaxatzen. Txapelketa batean ezin da %100 egon hasieratik bukaerara. Norberak neurtu behar du noiz hasi buelta bat gehiago ematen.

Nola ikusi dituzu eskualdeko bertsolariak aurtengo txapelketan?

Eskualdeko bertsolariek paper oso-oso ona egin dute. Duina baino gehiago. Zenbaiten kasuan, nago pisu handi xamarra ez ote duten izan txapelketak berekin dakartzan beste baldintzatzaile horiek. Txapelketa ez da bertsotan bakarrik egitea. Askotan egin nahi eta helburu konkretuak jartzen dizkiozu zeure buruari eta presio horrek modu batera edo bestera fakturatxoa pasatzen dizu. Iruditzen zait batzuen kasuan behintzat, gehiago emateko moduan egon zitezkeela eta haiek ere euren buruari gehiago opa zietela. Baina hori da txapelketak duen beste aldea.

Gustura jardun zenuen Durangoko finalerdian?

Oso eroso sentitu nintzen. Oso sentsazio polita. Uste dut taldean izan genuen giroagatik sentitu nintzela gustura. Behin baino gehiagotan eskertu diet nire kantu kideei giro hori. Nik ere eragingo nuen, baina ematen bezala jasotzen aritu nintzen. Nor sentitu nintzen oholtza horretan, neure sentitu nuen. Horrek bertsotarako beste tenple bat ematen dizu; beste zenbait gauzekin ez kezkatzeak sorkuntzan ardazteko aukera ematen dizu.

Saioren batekin bereziki gustura geratu zinen?

Erregulartasuna eraman nuen saio osoan zehar. Orekatua egin nuen. Ofiziotan gustura eta bakarkakoa erronka pertsonal bezala hartu nuen. Normalean egiten ez duen modu batean egiten saiatu nintzen. Emaitzarekin, nahikoa gustura geratu nintzen. Ideiak argi xamar etorri zitzaizkidan, bide ezberdinak ikusiz eta horien artean hautatuz. Bertsoen mailagatik baino gusturago geratu nintzen sentsazio pertsonalarekin, kokatua gaiaren aurrean.

Bilboko ganbarako bakarkako lanean ez bezala?

Sentsazioa izan nuen ez nuela haria nahi nukeen bezain erraz ikusi. Minus batetik abiatzen zara horrelakoetan, bidea definitzea kostatzen zaizunean. Exekuzioan ere hobetzeko moduko bertsoak ziren. Beharbada, bigarren zertzelada hori, bizitza erabat aldatzearena, nahiz eta inplizituan nik garbi ikusi, esplizituki esatea falta izan zitzaidan. Ez dut uste bertso txarrak izan zirenik, baina ez zitzaidan bestetan bezain aho zapore gozoa geratu.

Puntu dezente pilatu zenituen Durangoko saioan. Lasaiago joan zinen Bilbora?

Ez nintzen lasaiago joan, helburua ez baitzen puntuak lortzea, ez Durangon, ezta Bilbon ere. Helburua saio ona egitea zen eta Durangon egin izanak ez zidan bermatzen Bilbon berriro egitea. Joan nintzen lanerako ardurarekin eta ilusioarekin ere bai, uste dudalako bertsotan txukun ari naizela azkenaldian. Azken finalaurrekoa izanik, zenbait lagunek finala jokoan zuten, batez ere, Ametsek eta Joanesek eta haiekiko ardura bat sentitzen nuen, bultzada bat eman nahia. Beste kideak zaintzeko ardurarekin ere igo nintzen oholtza gainera.

Txapelketa honek zein bereizgarri izan du zuretzat?

Taldea eta oholtza zaintzeko jarrera esango nuke. Jendeak ere komentatu dit eta uste dut Bilbon ikusi ahal izan zela. Nik ere horrela sentitu nuen. Zortziko txikian, adibidez, Maddalen Arzallusekin aritzea egokitu zitzaidan eta azkeneko bertsoan nahastu eta geratuta ibili zen. Ofizioa bukatutakoan ondoan eseri nintzaion eta lasaitzen saiatu nintzen. Pentsatu nahi dut Maddalenek babes hori sentituko zuela, horrelako momentuetan oso garrantzitsua dena zure buruaren baitan itotzen ez hasteko. Elkar zaintzen saiatzen gara.

Oholtza gainean zein sentsazio izan dituzu?

Gozamena da txapelketako plazetan kantatzea, baina ardura ere bai. Esango nuke saio arruntez gain, txapelketan ardura kolektiboak ere pisu handia hartzen duela. Ez da bakarrik norberak egin nahiko lukeena, talde bezala eutsi egin behar zaie han sortu diren espektatiba guztiei. Horrek ardura dakar. Hala ere, plazera ikaragarria da publikoaren aurrean jarri, norberak eskaini dezakeen hori eskaini, eta jendearen ordaina eta eskerra jasotzea.

"Txapelketan ardura kolektiboak pisu handia hartzen du. Ez da bakarrik norberak egin nahiko lukeena. Talde bezala eutsi egin behar zaio han sortu diren espektatiba guztiei.  Horrek ardura dakar"

Bereziki prestatu al zara igandeko egunerako?

Ez iganderako eta esango nuke txapelketa honetarako ez dut prestakuntza berezirik egin. Bertsogintzari dagokionez behintzat ez. Beti izan dut sentsazioa gauza batzuk gehiago prestatu beharko nituzkeela baina ez ditudala egiten freskotasuna galtzeko beldurrez. Gero unea iristen denean faltan botatzen dut prestakuntza hori. Hori alde teknikoari dagokionez, baina aurten, esango nuke, batez ere psikologikoki prestatu naizela, taldekoekin. Etxean bost minutu ere ez ditut pasa nire kasa. Ez da hori txapelketa prestatzeko nire modua, etxean jarriz gero, ez nuke jakingo oso ondo zer egin.

Zeinekin entrenatu zara?

Betidanik Hernaniko taldean bildu izan gara. Txapelketa honetan talde hori pixka bat zabaldu egin da. Unai Agirre, Agin Laburu, Maialen Lujanbio ere batu zaigu azken aldira, Joanes Illarregi, Nerea Elustondo, Eñaut Martikorena... horiekin aritu naiz gehienbat.

Zein arrasto utzi nahi zenuke aurtengo txapelketan?

Uste dut txapelketan, bertso onak edo txarrak botatzeaz harago, gauza interesgarriak egin ditudala. Garbi eduki izan dut elkarrizketa sortzea zela interesatzen zitzaidana. Planteatu dituzten gaiengatik arriskua handia egon da hainbat ofizio bakarkako bi ariketa paralelo bihurtzeko. Garbi nuen ez nuela hori egin nahi. Horrek ez nau mugiarazten, ez nau motibatzen, ez dut egin nahi. Saio guztiak planteatu ditut elkarrizketara. Horrek behartzen zaitu bide zailagoak, edo ez hain ebidenteak hartzera. Ez dakit bide bihurriak izan diren, baina behintzat 'baina' batzuk planteatu nahi izan ditut. Elkarrizketak zirenean, 'bai baina' batekin abiatu ditut saioak, iruditzen zaidalako bai niretzat eta bai bertso kidearentzat interesgarriena izan daitekeela. Jendeak eskertu dit elkarrizketarako eta kontrobertsiarako jarrera hori.

"Saio guztiak planteatu ditut elkarrizketara. Ez dakit bide bihurriak izan diren baina behintzat 'baina' batzuk planteatu  nahi izan ditut. Iruditzen zaidalako bai niretzat eta  bertso kidearentzat interesgarriena hori dela"

Finalean ere bide horri eutsiko diozu?

Txapelketarako hautua baino gehiago, esango nuke, nire bertsokeratik gertuen dagoen hautua dela. Uste dut, batez ere ofizioetan, eta gai irekietan elkarrizketa bilatzea izan dela nire bertsokeraren ezaugarrietako bat. Nahikoa naturalki ateratzen zaidan jarrera bat da. Igandean ematen diguten gaiaren arabera jokatuko dut. Batzuetan gaiak jarriko gaitu parez-pare, baina hala ez denean ere, erabat ondoan ez egotea da nire helburuetako bat. Elkarrizketarako bidea topatzen saiatuko naiz. Elkarri gauza berak esaten aritzeak, uste dut, ez gaituela inora eramaten. Bestalde, nire bertsokera continuum bat da eta hari hori bera eraman nahi nuke finalera. Hasi lehen ariketatik eta azken agurrera arte bertsotan egiteko modu bat erakutsi nahi nuke. Bi finalaurrekoetan hori erakutsi dudala uste dut. Niretzat apusturik interesgarriena berriz ere hori egiten saiatzea izango da.

Asko aldatu da zure bertsokera bost urteetan?

Bertsokerak ez dira aldatzen, eboluzionatu baizik. Nire kasuan eboluzio hori eman da. Uste dut txapelketa bakoitzak eboluzio horretan mugarri bat markatzen duela; puntu batean harrapatuko zaitu eta une hori erakutsi nahiko duzu. Beti berdina eginez, lehenik eta behin nire burua aspertuko nuke eta ondoren aurrean ditudan guztiak. Estilistikoki, teknikoki, diskurtsiboki eta jarreraz garapena opa diot nire buruari, hori baita ikasten jarraitzeko eta bertsotan hobetzeko modu bakarra. Txapelketak zure eboluzioaren puntu definitu batean harrapatzen bazaitu zer esan handia izan dezakezu, eta trantsizio puntu batean harrapatzen bazaitu, gerta daiteke txapelketa hutsik pasatzea. Nire kasuan, eboluzioa eman da, onera, oholtzan inoiz baino niago eta norrago sentitzen naiz. Oholtzatik oholtza kideei eskaini ahal diedanaz geroz eta jabeago naiz. Horrek dakar oholtza gainean egoteko modu bat eta bertatik publikora proiektatzeko modua ere.

2017ko txapelketako txapeldunorde izateak zama suposatzen du zuretzat? Presio berezia sentitzen al duzu?

Lagunei esaten diet beti ez nintzela txapeldunorde geratu, bigarren baizik, txapeldun horrek orderik ez duelako. Ez dut presio bezala bizi aurreko txapelketako postua, gehiago lortutako mugarri bat bezala baizik. Ez urrutien dagoen mugarria, ez gertuenekoa. Txapelketa on bat egin nuela uste dut eta postu hori horren berrespena izan zen. Hau beste txapelketa bat da, hau beste momentu bat da. Bost urte pasa dira, bost urte gogor guretzat, guretzat ere. Niretzat ez du eragin berezirik aurreko txapelketan lortutakoak, nahiz eta ohartzen naizen jende askoren ahotan hori ere badagoela.

Eskarmentua baduzu txapelketetan, seigarrena finala izango duzu igandekoa. Egun osoko jardunari eusteko balio al dizu esperientziak?

Esperientziak gradu bat ematen du, bi ez bada. Egun ederra da, baina gogorra ere bai. Indarrak dosifikatzen jakin beharra dago. Finala nekagarria da bertsolarientzat, baina indar fisikoaz gain, indar emozionala ere behar da. Diskurtsoak, kokapenak, norbere ahalegin berezi horiek ere dosifikatu behar dira. Nahiz eta bertso kopuru aldetik ez diren hainbeste bertso ordu asko dira tentsioan eta hori neurtzen asmatu behar da.

Finalera sailkatu zareten bertsolariei begiratuta, islatzen al du zortzikoteak azken urteetan plazetan eman den aldaketa?

Talde izugarria da. Ederra. Berria. Gaztea hein handi batean. Emakume gehiago dira eta presentzia horrek beste kolore bat emango dio finalari. Zentzu askotan eta ikuspegi askotatik denok sinatu genezakeen talde bat da. Oso final anitza, desberdina, polita eta berritzailea ere izan daiteke. Izugarri motibagarria guretzat. Ez da kasualitatea zortzikote hori. Erraz hitz egiten da eta badirudi orain hiru emakume harripetik bezala agertu direla finalean, eta inondik inora ez da horrela. Azken urteetan ikusi da plazan zein bertsolari dabiltzan eta nola dabiltzan. Oso logikoa izan da ondorioz hiru emakume egotea finalean. Lau egon zitezkeen bost, bi edo sei. Bertsogintzaren gaur egungo panoramari erantzuten dion finala da. Ez hainbeste kuantitatiboki, gehiago edukiz, mamiz eta jarreraz ekarri dezakeenagatik da interesgarria finala.

"Bertsogintzaren gaur egungo panoramari erantzuten dion finala da. Ez hainbeste kuantitatiboki, gehiago edukiz, mamiz eta jarreraz ekarri dezakeenagatik da interesgarria"

Txapelketetan erreleboa emateko momentua gerturago ikusten al duzu?

Zazpi txapelketa nagusitan eta sei finaletan izan naiz. Bertso bizitza bat, azken finean. Pentsa zenbat gauza aldatu diren munduan eta baita bertsolaritzan ere. Kalkulatu zenbat plaza, zenbat bertso eta zenbat hanka sartze. Hasierako txapelketa haietatik gaurko egunera, egoteko modua dudarik gabe aldatu egin zait. Lehenengo finalak beti gogorarazten dizu zeinen txikia zaren. Handik aurrerakoetan, eta batez ere azken bietan, esango nuke, Aitor Mendiluze egonkortuago bat, edo zehatzago bat ikusi ahal izan dela. Erreleboa? Ez nuke jakingo esaten. Askotan galdetzen didate azkeneko txapelketa izango ote dudan. Aurtengoan parte hartzea zalantzan jarri izanak, ez du esan nahi hurrengoa joatea zalantzan jartzen dudanik. Ez dakit zer egingo dudan. Ez nuke jakingo definitzen hemendik lau urtetara ze gogo izango dudan. Egia da, urte asko direla eta ez dela beti erraza intentsitate eta helburu zehatzekin joatea eta behar diren baliabide guztiekin txapelketa bati aurre egitea. Baina ez nintzateke gai izango ate hori erabat ixteko. Oraingoz hau eta gero ikusiko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!