Aitor aurrena eta denak aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola Izagirre 2022ko aza. 12a, 20:50

Aitor Mendiluze gaurko saioan. Argazkia: Betsozale Elkartea

Mendiluzek saio ikaragarria egin du Durangon, 726 puntu lortuta. Azken agurrak laburbiltzen du dena:  bitrinan behar nuke / momia bezela / arazoa da oraindik / mugitzen naizela. Finalerako eta txapelerako bere hautagaitza berretsita amaitu du finalerdien lehen itzulia.

Beste guztiek ere oso saio ona egin dute, eta denek lortu dute hurrengo fasera igarotzea. Aitorren atzetik izan dira Beñat Gaztelumendi (716,5), Julio Soto (686), Aitor Bizkarra (677,5), Saioa Alkaiza (662) eta Eñaut Martikorena (636,5).

Zortziko handia

Ez dira akaso ariketa honetan izan saioko bertsoaldi borobilenak. Hala ere, bertsolariek erori gabe eutsi diote orokorrean, eta izan da nabarmendu denik ere. Aitor Mendiluzek bideak irekiz nahiz erantzunez, arratsalde osoan bezala egin du bertsotan ariketa honetan ere.

Gizarte zerbitzuetako langilearen paperetik aritu da Aitor Bizkarrarekin batera. Bertara iristen diren gazteek hamazortzi urterekin utzi behar izaten dutela lekua zioen gaiak, eta beraiek badutela horren berri. Bizkarrak atera aurretik ere arriskuan egoten direla esan dio Mendizuleri; honek egoki erantzun dio: biok berdina pentsatzen degu / honek zentzurikan ez du / arazoa da hemen arauak / ez daudela gure esku. Bizkarrak bereari eutsi dio bigarren bertsoan: nekatzen gara errespetu hitz / asko esatean esatez / hitz polit asko ematen zaie / ta baliabideak ez. Mendiluzek hitzez hitz ekartzea merezi duen bertsoarekin erantzun dio:

Haurrak direla zentrora ekarri
hain zintzo eta onbera
baina hemezortzi betetakoan
ia ez dago gauza bera
nunbait arazo bihurtzen dira
sartu beraz mantapera
ta nahi edo ez tapaki horren
hariak baino ez gera.

Mailari eutsiz jarraitu dute bi bertsolariek, eta norbere esku dagoena egiteari erreferentzia eginez amaitu du Tolosaldekoak: ta hemezortzitan ez geratzeko / gizarte hontatik aparte / saia gaitezen tresnak ematen / aukera daukagun arte.

Beñat Gaztelumendik ere bertsoaldi ona egin du zortziko handian, Saioa Alkaizarekin batera. Honela zioen gaiak: Saioa eta Beñat, aktoreak zarete. Azken boladan egin dituzuen kastinetan lana emateko baldintza izan duzue sare sozialetan aktibo egotea. Alkaiza erreferentzia errealak ekarriz hasi da: Tiktok, Facebooka edo Twitterra / ez nago bertan gordea / erakusleiho izan liteke / preso hartzen gaitu ordea. Gaztelumendik ildo beretik jarraitu du erreferentzietan, baina erantzunez ere bai, beste jarrera bat hartuz eta ofizioari arnasa emanez: Facebook Instagram eta Tiktoken / bateko eta besteko / beste oholtza bat baino ez dira / aktoreak izateko. Bakoitza bereari eutsiz aritu da handik aurrera, Beñaten azken bertsora arte: zuk nahi baduzu zure ekarpena / egin ezazu kalean / nik fokupean jarraituko dut / ta zuk nire itzalean.

Zortziko txikia

Txikian ere ez da atzera geratu Irurakoa. Kasu honetan Julio Sotorekin aritu da. Bikotea ziren Julio eta biak. Aitorrek erretzeari uzteko partxeak erregalatu dizkio Juliori bere urtebetetze egunean. Sotok oso bertsoaldi ona egin du, hasieratik: partxe batzuei jarri / diezu arreta / ez dakit baino nago / pixka bat erreta. Aitorrek bera erretzen den lehen aldia izango dela erantzun dio, zigarroaren ordez. Julio, ederki berriz ere: despistatu xamarrik / zabiltza geroz zu / partxeari partxea / ipintzen diozu. Aitorrek: aspaldion muxua / da juxtu-juxtua / Julio ez zait gustatzen / hauts ontzi gustua. Juliok datorren urteko oparia eskatu dio: gurea apuruan / dagoen ustean / puru bat oparitu / datorren urtean. Mendiluzek egoki itxi du ofizioa: ziur partxeek lagun / ahal zaituztela / besoan jarri zazu / ahoan bestela.

Beste bi bertsoaldiak ez dira bete-betekoak izan, baina saio osoan bezala, ez da inor erabat erori. Alkaiza eta Martikorenak bertsoaldi txukuna osatu dute, erabat lehertu gabe. Berdintsu egin dute Gaztelumendi eta Bizkarrak ere.

Puntuka

Puntuka bi bikote nabarmendu dira: Mendiluze eta Martikorena zein Soto eta Gaztelumendi. Lehen biak parrandatik etxerakoan trenean lo hartu eta aparkalekuraino iritsi diren bi lagun izan dira. Bertsoaldi oso ona osatu dute, bideak irekiz zein elkarri erantzunez.

Bigarrenek hurrengo fasera pasa nahi duten bi bertsolariren larrutik kantatu dute, epaileen mahaiaren ondoan jarrita. Euren buruaz barre egin eta bertsoaldi dotorea osatzeko gai izan dira Beñat eta Julio.

Seiko motza

Binakako azken ariketan elkarrekin tokatu dira lehen bi sailkatuak. Honela zioen gaiak: Lagunak izan arren gutxitan egoten zarete elkarrekin. Aitor, Beñatek proposatu dizu astero hitzordu bat finkatzea. Suabe ekin dio ofizioari Aitorrek: bildu ezinik gabiltza / konplikatzen da bizitza / eta zeuk ere beteko al dezu / emandako hitza? Beñat Gaztelumendik arratsaldeko bertsorik ederrenetako batekin erantzun dio:

Horixe da gizakia
lotu behar den zapia
zu lasai egon beteko baitut
nik nire zatia
asteroko terapia
kafearen aitzakia
orain huts banak elkar dezala
lehendik ebakia.

Saio osoan bezala, Aitorrek ofizioa bere horretan geratu ez eta aurrera egin dezan bideak zabaltzen aritu da oraingoan ere. Galdera batekin jarraitu du: Beñat zergatik bildu nahi dezu / eta zertarako? Beñatek biltzea bera nahikoa arrazoi ez ote den argudiatu du bigarren bertsoan, eta Aitorrek lehengo zalantza berari eutsi dio hirugarrengoan. Gaztelumendiren azken hiru puntuek borobildu dute bertsoaldia: ez nazazula gorrota / ahaztu dezagun borroka / zuk badaezpada zure kafera / azukrea bota.

Ganbara

Ganbaran gora egin du ordura arte ere ona zihoan saioak. Gaia hurrengoa zen: lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean; lasaitua hartu duzu. 

Bertsolari guztiek egin dute ganbarako ona. Alkaizak bikote harreman ireki batek sortutako ondoezetik osatu ditu hiru bertsoak. Bigarren bertsoaren azken lau puntuak: zaila zait baina eramaten / gorpuztutako idea / plazerra zurea baina / sufrimendua nirea / ez dakit daukagun hau den / horren harreman librea (bis) / ahazten bazaigu zaintzea / gure ondoko kidea.

Gainontzeko bostek negar egiteko ohiturarik ez duten gizonezkoen paperetik kantatu dute, bide desberdinak hartu dituzten arren. Guztiek osatu dituzte bertsoaldi onak. Bi nabarmentzekotan, Bizkarra eta Martikorena aipatu daitezke, arrazoi desberdinengatik.

Bizkarrak bertsoaldi bikaina osatu du, saioko puntuatuena. Bikote harreman batean bizi duena kontatu du dotorezia harrigarriz, umore puntu batekin, baina aldi berean sakon. Bertsozaleak astean zehar berriz entzungo dituen hiru bertso kantatu ditu bizkaitarrak, eta sailkapenean ere nahiko aurrean geratzeko aukera eman dio horrek. Nabarmentzekoa izan da erabili duen ointegia ere, almazena ondo betea duela agerian utziz.

Martikorenarena, berriz, dozena bat segundoan hasi da bera zein entzuleak erabat hunkiturik utzi dituen bertsoaldiarekin. Donostian bezala, barrutik kantatzen duela erakutsi du hernaniarrak. Neurri zaila izanagatik egoki josi ditu puntu motzak. Azken bertsoa erabat hunkiturik amaitu du. Bertsoak osorik:

Nere burua maiz lehortua
ez egiteko egoskortua
rolak hori du nigan portua
eman gabea malko ortua.
Baina gaurkoan eutsi nahi arren
sentitu derrigortua
bizilegea izanagatik
sentitu naiz zigortua
hau betirako gelditu baita
izanik gabe gortua
tanatorio barruan nago
ta hor amonan gorpua. 

Beti izan naiz tipo zurruna
sentimentalki nahiko urruna
barruan minak hoi oihartzuna
hau eta gero egite zuna
"kaixo Hernanin apaiza nauzu"
horixe da esan duna
eta ni ez naiz sekula
grupo txar horren laguna
baina sarritan horrelakoa
da espiritualtasuna
ta gaurko hontan nahiago nuke
baldinbanitz fededuna.

Zeruan omen dago izarra
nik entzutean "bai kaka zaharra"
bera juan zan ta nik negarra
egin behar det ta barra-barra
hark horrenbeste maite ninduen
ematen zidan indarra
baina eskelan nola idatzi
bertso bat horren earra
ni min horrekin hilabetetan
pasatzen ez da azkarra
ta oraintxe nun hori nolabait
adierazteko beharra. 

Bi eskualdetik

Tolosaldeko bertsolarietan bik egin dute aurrera fase honetan. Haritz Mujikak ez du hurrengo fasean kantatzerik izango. Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze, berriz, finalera sailkatzeko bide onean daude oraingoz. Iguaranek hanka bat du finalean, Mendiluzek bat eta erdi.

Durangoko puntuazio taula, Bertsozale.eus-en argitaratua.

 

Lehen itzuliko sailkapena, Bertsozale.eus-en argitaratua.

 

 

Bigarren itzuliko saioak:

Azaroak 19, Amurrio:

  • Agin Laburu Rezola
  • Aitor Bizkarra Ruiz
  • Alaia Martin Etxebeste
  • Miren Artetxe Sarasola
  • Oihana Iguaran Barandiaran
  • Onintza Enbeita Maguregi

Azaroak 26, Baiona:

  • Beñat Gaztelumendi Arandia
  • Eñaut Martikorena Lizaso
  • Julio Soto Ezkurdia
  • Nerea Ibarzabal Salegi
  • Sustrai Colina Acordarrementeria
  • Unai Agirre Goia

Abenduak 3, Bilbo:

  • Aitor Mendiluze Gonzalez
  • Amets Arzallus Antia
  • Joanes Illarregi Marzol
  • Jone Uria Albizuri
  • Maddalen Arzallus Antia
  • Saioa Alkaiza Guallar

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!