Aitor, Amets eta Joanes Bilbotik Iruñera

Argazkiak: Bertsozale elkartea

Amets Arzallusek irabazi du azken finalaurrekoa (662). Oso gertu izan du Aitor Mendiluze (661). Atzetik izan dira Jone Uria (637), Joanes Illarregi (621), Maddalen Arzallus (609,5) eta Saioa Alkaiza (608,5). Leitzako bertsolari gaztea aurrenekoz izango da finalean, ozta-ozta sailkatuta.

Gutxitan ezagutu du horrelako betekada hainbeste aldiz erdi hutsik ikusi dugun Bizkaia frontoiak. Kanpoan hotz baina barruan bero, gauzak estu ziren gaur Bilbon. Saioa ez da inoizko onena izan, baina bai maila handikoa. Arzallus eta Mendiluzek markatu dute erritmoa eta haien atzetik jarraika aritu dira beste laurak.

 

Hamarreko txikia

Goitik hasi dute saioa gaurko lehen bi sailkatuek. Elkarrekin kantatzea egokitu zaie hamarreko txikian, alderdi bereko politikarien paperetik. Aitor urte luzez izan da alkatea, eta orain Ametsek lortu du hauteskundeak irabaztea. Azken honek Aitorri deitu berri dio eskualdatzea egiteko. Aitor hasi da kantuan, gaiak aipatzen zuen “eskualdatzearekin” hitz jokoa egin eta dirua ere pasako diola iradokiz: "gaur eskuinez kargua / pasa ta aurrera / beste zerbait pasako / dizut ezkerrera". Ametsek dotore erantzun dio, bere arrazoiketa azkar neurtuta eta kokapena argituz. Ametsen bertsoa osorik:

Dinastia guziek
dute akabera
mahai azpitik dirua
gainetik papera
hala afiliatu ginen
gu PNVra
alkatetza hartzeko
hauxe dut galdera
oraindik kutxan zerbait
gelditzen ote da?

Mendiluzek norberak betea hustu behar duela bota dio. Arzallusek, berriz, berari lekua utzi eta Petronor-en lasai jarraitzeko. Bere azken bertsoan aholku bat emango diola kantatu du Aitorrek:

Hoixe zen ezkerrean
nekarren egia
hau tranpolin bat izan
dela alegia
orain zuretzat lana
eta komeria
torizu aholku bat
Amets, zilegia:
arazoen aurrean
beti Alderdia.

Arzallusek itxi du elkarrizketa nagusiak eta eraikuntzarako dirua ondo zainduko dituela esanez “eta azken papurrak / euskararentzako” utzi.

Maddalen eta Jone Elkarrekin bizi diren adineko ahizpak izan dira. Jonek Maddaleni txakur bat ekartzea proposatu dio etxera. Jostari aritu dira biak. Maddalenek lehen bertsoan: "ta nork garbituko du / txakurraren kaka?" Jonek erantzuna: "baina kezka sortu dit / gure panoramak / ez digu onik egin / urteen joanak / konpañia beharko du / azkena doanak". Maddalenek hasierako bidetik jarraitu du: “nik ez dut erosiko / txakurren kroketa / zu elikatzen lehendik / nahiko lan dut eta”. Uriak ondo amaitu ofizioa: “beraz segi dezagun / hasi ta segitzen / katuak ta txakurrak / bezala bizitzen”.

 

Zortziko handia

Ofizio onak izan dira handiko hirurak, agian bete-betekoak ere izan ez diren arren. Amets eta Maddalen anaia-arrebak hasi dira ariketarekin: “arkeologoak zarete. Euskal Herriaren historiarako garrantzitsua den aurkikuntza egin duzue Irulegiko herrixkan”. Ametsek: “Irulegiko esku honekin / pozetan dauzkat bi ertzak / guretzat a ze bostekoa ta / masailekoa besteentzat”. Maddalenek Ametsek irekitako bidetik jarraitu du: “zuk esan duzun politikoek / beharko diote bultza / beste bi mila urtetan ere / biziko bada hizkuntza”. Ametsek bigarren bertsoan: “ulertzen asko kostatzen dela / ta hor dabiltza galdetzen / neri gehiago kosta izan zait / Chiviterena ulertzen”.  

Alkaiza eta Mendiluze metalgintzako langilearen lekuan jarri ditu gaiak. Gaur ere goizeko bostetan atera dira etxetik piketeetan parte hartzeko. Saioa indartsu hasi da: “gu  metalaren sinbolo gara / erreza dago laburtzen / gori ipintzen gaituzte baina / ez gara errez makurtzen”. Mendiluzek, ordea, kontrapuntu baten bila jo du: “zure epika zure indarra / neurriz kanpokoak kasik / ez ginateke hemen egongo / arazo bat izan ezik / ni zure ondoan nago Saioa / baina ez zu bezain pozik / hau ez delako aukera on bat / aukera bakarra baizik”. Bakoitzak bereari eutsiz osatu dute ofizioa handik aurrera. Saioak: “pentsa dezagun irabazlea / izanen dela metala / ta lehen muga botako dugu / geronen muga mentala”. Mendiluze lehenengo bertsoaren haritik tiraka: “beraz metala gailenduko da / aldatuko da mundua / sindikatoen kontsigna zaharrez / bete dizute burua / nire bizitza ziurtatzea / hori det nik helburua / bizilagunei ez eskatzeko / eskolako liburua”. Alkaizak hirugarren bertsoari hitz joko polita eginez eman dio amaiera: “goazen orain fabriketara / ta izan amets libreak / eskubideak lortu asmotan / itxi ditzagun bideak”. Aitorrek ederki amaitu du ofizioa: “egin ditzagun amets libreak / ametsak beti mesede / baina borroka honek behar du / errealitatetik ere”.

Jone eta Joanes hirugarren graduan dauden bi preso politikoren lekuan jarri ditu gaiak. Azken berriak entzunda, bigarren gradura aldatu eta berriz preso hartuko ote dituzten beldur dira. Jonek ekin dio: “bitartean hor segitzen dugu / etengabeko dardarrez / ezta erraza bizi beharra / beti mendeku beldurrez”. Joanes ere egoki kokatu da gaian: “konponbidea beraz batzuek / horrela ulertzen dute / esperantza bat eman ta gero / dena kenduko digute”. Nabarmentzekoa izan da Joneren hirugarren bertsoa ere: “nik hala ere esperantza dut / herri honen argazkian / ea kaleak betetzen diren / urtarrilaren zazpian”.

 

Zortziko txikia

Aitor eta Maddalen eta Joanes eta Amets nabarmendu dira txikiko ariketan. Lehen biak bikotearen paperetik aritu dira. Bizkaia frontoira etorri dira partida ikustea eta hasi aurretik Maddalen kantxara jaitsi da Aitorri berarekin ezkontzeko eskatzeko. Aitor oso ondo hasi da: “ta kantxara ez zoaz ba / hori eskatzera / bostean zeunden baina / pasa egin zera”. Maddalen ere ederki: “Aitor ilusioa / behintzat erakutsi / denen aurrean gaizki / ez nazazu utzi”. Aitorrek ohi duen eran jarraitu du, kideari erantzunez beti: “zu gaizki ez uzteko / diozun modura / Maddalen zuk niri zer / egin didazu ba?” Arzallusek galdera egin dio berriz: “txapa botata egin / gorri ala urdin”. Mendiluzek bere azken bertsoa: “baietz esango dizut / nik frontoi erdian / gero hitz egingo degu / etxean… agian”. Maddalenek bertso ona zuen bukatzeko bigarren puntuan trabatu den arren: “eta konfiantzarik / ez badut zurekin / Aitor ezkonduko naiz / Ezkurdiarekin”.

Amets biloba eta Joanes aitona izan dira: Amets ohartua dago Joanesek tranpa egiten duela kartetan ari direnean irabazteko. Ametsek: “aitona atera kartak / pentsatzera goazen / sei urte dauzkat baina / badakit kontatzen”. Joanes aitonak: “zuk ilusioz ekin / nik tranpaz erantzun / bizitza ze gogorra / den jakin dezazun”. Ametsek: “kartak kontatzen hemen / erdi tranpan aizu / adinai tranpa egiten / kosta behar zaizu”.

 

Puntu erantzunak

Puntu erantzun oso onak izan dira ganbaran. Lehen puntuak honela zioen: “beti korrika eta / presaka gabiltza”. Aitor: “denera iristea / delako baldintza / erlujouaren mende / arnasa murritza / ta esku artetik joaten / ari da bizitza”. Amets: “ezin iritsi gure / pausoa ta hitza / estresak ematen du / maiz kolpe bortitza / hobe da mantso joan / ta luzatu bizitza”.  Maddalen: “egitekoa ez baita / sekula murritza / gure denbora pasa / edo ta langintza / ta horrela airean / joaten da bizitza”.  Jone: “kapitalismoak hori / du lehen baldintza / dena da etekina / lana ta ekintza / ta zail da aurrera hola / egiten bizitza”.  Saioa: “Ibiltzen gara eta / zoro baten gisa / gozatzea horrela / suertatzen da grisa / hobe mantso hartuko / bagenu bizitza”.

Bigarrena: “zertarako hartu nahi / zenuke denbora?” Aitor: “etzanda egoteko / begiratzen gora / ez joan beharrik izan / presaka inora / igual jubilatzea / hoixe izango da”. Amets: “lagunak ekartzeko / tarteka gogora / bertsotan aritzeko / frontoian gustora / ze bestela bizitza airean joango da”. Maddalen: “nik ez nuke igo nahi / Himalaian gora / ezta ere surfean / egitea proba / hurbildu nahiko nuke / lagunen ondora”. Jone: “oporretan joateko / noranahi gustora / egiteko egin ezin / dudan mila proba / beste bizitza baten / izan beharko da”. Joanes: “lasai egoteko ta / ez joan inora / sofan eseri eta / norbaiten ondora / deus egin gabe egon / naiteke gustora”.

 

Bakarka

Bakarka ere bertsoaldi ederrak osatu dituzte bertsolariek. Joanesek, esate baterako, txalo zaparrada ikaragarria jaso du eta ariketa honek eman diola esan liteke finalerako txartela. Gaia hurrengoa zen: “kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu”.

Joanesek futbolariaren papera hautatu du: “Luis Enriqueri ezetza eman / nion ta horrela pakea / nire burua saltzea baitzen / Qatarrera joatea”. Bigarren bertsoan herrialde hartan errespetatzen ez diren hainbat eskubide zein Munduko Futbol Txapelketak sortutako arazoak aipatu ditu bukaera ederra emanez: “kiroltasunez egin ezean / neretzat ez da kirola”. Hirugarren bertsoan txalo zaparrada ikaragarria jo dio entzuleak Ilarregiri: “galduko ditut fama guztia / eta millloiak ere bai / gaur igual ez naiz inor izango / baina kontzientzia lasai”.

Amets ere futbolari izan da, baina bestelako heldulekua aukeratu du. Osorik dakartzagu hiru bertsoak:

Haurtzaro osoan zehar
Izerdituta lertzear
Futbola nuen neure har
Hargatik nago hain mear
Gure herriko futbol zelaia
Zen erdi lokatz ta belar
Nik banekien Bartzelonatik
Ez nituela deitzear
Maiz entzun nuen hi txarra haiz ta
Egin beharko duk negar
Plazer hartzeko bezain on nintzen
Ta ez nuen gehiago behar.

Ez nintzen oroitzen Messiz
Josia bainintzen hesiz
Neure mugaz ta gabeziz
Ohartuz joan nintzen heziz
Ta ez nintzen bizi inoiz izango
Ez nintzen hura sinetsiz
Makala nintzen baldarra nintzen
Dena aitaren herenetziz
Nahiz ta askotan galtzen genuen
Ta batzutan diferentziz
Pozik nentorren txokolatezko
Bokadillo bat irentsiz.

Beti miresten da goia
Han dagona da heroia
Bere brillu ta herdoia
Pasa zen nire bagoia
Nire galtza motz nire galtzerdi
Eta nire espaloia
Garitanoren niki zahar bat
Bi hizki bistan doi doia
Nahiz kanporatu ninduten eta
Han bukatu zen lehoia
Nik bizitzari hanka tartetik
Pasatzen diot baloia.

Jone Uriak unibertsitateko irakasle baten papera hautatu du hiru bertsoak osatzeko eta sexu jazarpenagatik kanporatu izanaren historia kontatu du: “salaketak heldu ziren / ahotsak behera ta gora / ta bota egin ninduten / fakultatetik kanpora”. Bigarren bertsoan pertsonaiaren bilakaera nolakoa izan den azpimarratuz amaitu du: “ni lehen nintzena edonori / bere ahoa ixteko gai / ta orain bere parean / inork ez nau ikusi nahi”. Hirugarrenak bertsoaldia dotore ixteko behar zuen guztia izan du:

Garai batean ospetsu
eta katedratikoa
noizbait izan nahi zuena
irakasle emeritoa
ustez hilko nintzen noizbait
izanik denen Jainkoa
baina harrapatu ninduten
eta gauza logikoa
badut jubilazio bat
hori omen da ohikoa
bidali ninduten eta
eginda numeritoa
baina orain naiz gixajo
triste ta patetikoa
hau izango da entzuten den
justizi poetikoa.

 

Finala, bi aste barru Iruñean

Aitor Mendiluze izango da eskualdeko ordezkaria Iruñeko finalean. Andoaindarrak bi saio oso on egin ditu finalerdietan eta berriz ere txapelerako hautagai izango da. Bertsolagun izango ditu: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Sustrai Colina, Joanes Ilarregi eta Beñat Gaztelumendi.

Finalean hiru emakumezko izango dira, bi lehen aldiz. Eta aspaldiko partez baita Nafar bat ere: Joanes Ilarregi. Lehenaz gain final erakargarria izango da, beraz. Sarrerak agortuta daude aspalditik eta giro ederra espero da.

 

 

Bilboko puntuazio taula, Bertsozale.eus-en argitaratua.

 

Finalaurrekoetako sailkapena, Bertsozale.eus-en argitaratua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!