Ñañarri Rallysprinta 2015

Irteera ordua aurreratu dute, partehartze handiagatik

Asier Imaz 2015ko mai. 14a, 10:34

Espero baino kotxe gehiago izango dira larunbatean Alegiako irteera puntuan, VIII. Ñañarriko Rallysprintean. 

Lasterketa atzo aurkeztu zuten Irurako Ikastolan, Larraitz Agirrezabala ikastolako kideak, eta Iñigo Iñurrita eta Kike Etxeberria koordinatzaile taldeko kideek. Xehetasunak ere bertan eman zituzten, eta horietan lehena, irteera orduari zegokiona: «Espero baino 13 kotxe gehiago egongo dira, ondorioz, irteera ez da 15:00etan izango, 14:30ean baizik». Amaiera ordua bere horretan mantendu dute, 20:00ak inguruan. Sari banaketa ekitaldia Alegiako Route 33n izango da.  

Egiaztatze teknikoak goizean izango dira Alegiako Bazurka industrigunean, 10:00etatik 13:00etara. Autoak ikusteko aukera bikaina izaten da ordu horietan. Alegia, Orendain, Abaltzisketa eta Amezketa lotzen dituen errepidea, aldiz, 14:00etan itxiko dute.  

Aurkezpen ekitaldian, alde batetik, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntzaile, boluntario eta ibilbideko udalei. Bestetik, lasterketako koordinatzaileek kexa agertu dute «hainbat pertsonek» iaz erakutsi zuten jarrerarekiko: «Espero dugu berriro ez gertatzea. Bezperatik joandako batzuen portaera ez zen egokia izan, ez laguntzaileekin ezta ere komisarioekin ere. Errespetua eskatzen dugu».

Ñañarriko Rallysprinta Irurako Ikastola diruz laguntzeko antolatzen dute, eta begirunea eskatzearekin batera, ikusleei bertara gerturatzea eskatu zien.

Azkenik, eskualdeko parte hartzea nabarmendu nahi izan zuten, «orain arteko handiena». Tolosaldetik Iker Tolosa, Andoni Aierbe, Patxi Ruiz, Ametz Mendizabal, Jokin Zendoia eta Joseba Sanz aterako dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!