Ñañarri Rallysprinta 2015

Ramon Itoiz eta Kike Etxeberria: "Errepidea oso egokia da, eta gidariek gozatu egiten dute"

Asier Imaz 2015ko mai. 7a, 10:51

VIII. Ñañarriko Rallysprinta maiatzak 16an, larunbatez izango da. Alegiatik atera eta Orendain, Abaltzisketa eta Amezketan barrena, 10 kilometroko ibilbidea egingo dute partaideek.

Irurako Ikastolak, Hondarribiko Sardara Elkartearekin batera, auto proba antolatu dute eskualdean. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, eta egunean bertan 200 lagun inguru ariko dira lanean. Horien artean, Ramon Itoiz eta Kike Etxeberria. Egun guztiko jaia goizean hasiko da, eta lasterketa 15:00etan. Parte hartzaile bakoitzak hiru aldiz egin beharko du ibilbideari.


Aurten pauso bat aurrera ematea zuei tokatu zaizue.
Ramon Itoiz: Ez da lan berria guretzat, nahiz eta orain arte atzean ibiltzea tokatu zaigun. Ikastolako guraso bezala, edizio gehienetan lanean ibili gara.


Guraso bezala, eta Irurako Ikastolak aurrera egin dezan, dirua biltzen.
Kike Etxeberria: Gero eta gehiago kostatzen da dirua helburu horretarako sortzea, baina Ikastola aurrera atera beharra dago. Horregatik, laguntza eman duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
R. I.: Alegia, Orendain, Amezketa, eta Irurako udalak kontuan izan nahiko genituzke atal horretan.


Zortzi urteko bidea duen Rallysprinta. Nork esango zuen lehen edizio hartan.
K. E.: Kilometroekin batera hasi zen, eta dena oso ondo atera zen. Jendeak oso erantzun ona eman zuen, bai ikusleek eta baita gidariek ere. Denak gustura geratu ziren, eta jarraitzea kasik ez zen aukera bat izan.
R. I. : Ibilbidea oso polita da: errebueltak, egurra emateko zatiak,... Hori bai, eragozpenengatik barkamenak eskatu nahi dizkiegu bertako biztanleei.


Kirol mailari begiratuta, zer moduzko lasterketa da Ñañarriko Rallysprinta?
R. I.: Beste batzuekin alderatuz, kilometro gehiago dituela esango nuke.  
K. E.: Parte hartzaileak oso gustura gelditu izan ohi dira. Errepidea oso egokia da, eta gozatu egiten dute. Horrelako hitzak entzuten ditugunean, gu ere bete egiten gara. Pozgarria da.


Euskal Herriko zirkuituko proba da, gainera.
K. E.: Txapelketarako puntuagarria da, bai. Urte batean, Nafarroakoan ere sartu zen, eta orduan, izugarrizko kotxe pila izan ziren, 95 inguru.   


Aurten zenbat izango dira?
R. I.: Izena emateko epea orain zabalduko da, baina 60-70 izatea espero dugu.


Izenen bat aurreratzerik?
K. E.: Aingeru Kastro eta Joxe Labaka hemen izango dira, Euskal Herriko Txapelketan punta-puntan dauden bi gidari. Jon Etxeberria ere hemen izango da, eta baita beste hainbat ere. Maila polita egongo da.


Irurako Ikastolatik ez al da oraindik atera gidaririk?
K. E.: Edozeinek jartzen du ba kotxea (Barreak). Irurarekin lotura duen Ametz Mendizabal anoetarra aterako da. Gertuenekoa hori izango dela uste dut.


Egun osoko festa goizetik hasita.
R. I.: Bazurka industrigunean egongo dira kotxeak goizean. Bertan pasa beharko dituzte kontrolak. Errepidea 14:00etan itxiko da, eta lasterketa 15:00etan hasiko da. Sari banaketa ekitaldia Routte 33aren inguruan izango da, 19:30ak inguruan. Ikusleen artean zozketak eta abar ere egingo dira.
K. E.: Sarrerak goizean goiz jarriko dira salgai, zirkuituaren inguruan, 10 euroan.


Zuek ordea, bezperatik lanean ibiliko zarete.
K.E.: Aste gogorra izango da hurrengoa. Esan behar da, gidari eta laguntzaileak asteburu honetan errepideko datuak hartzen ibiliko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!