Ñañarri Rallysprinta 2015

"Ñañarri urteko lasterketa garrantzitsuena da guretzat"

Asier Imaz 2015ko mai. 14a, 10:21

Joseba Sanz eta Goretti Ibarbia bikotea dira, auto barruan eta autotik kanpo. Tolosarra eta ibartarra irteera puntuan egongo dira larunbatean.

Maiatzaren 16an, larunbatean, Ñañarri Rallysprinta lehiatuko da. Joseba Sanz (Tolosa, 1987) eta Goretti Ibarbia (Ibarra, 1990) bertan izango dira, pilotu eta kopilotu bezala. Hirugarren parte hartzea izango da eurena. Duela hiru urte, 205 GTI batetkin atera ziren. Duela bi, Saxo batekin. Iaz atseden hartu ondoren, aurten, 2004ko Subaru batekin aterako dira irteera puntutik.


Hirugarren urtea, eta hirugarren kotxea.
Joseba Sanz: Kopilotuarekin bronkaren bat izan dut horregatik; ‘hainbeste aldaketa, eta berdinarekin segitzeko’. Nire ustez, ordea, probatu egin behar da.
Goretti Ibarbia: Proiektu batekin hastean mantendu egin behar dela esaten diot, baina kirol honek hori dauka: auto bat duzunean hobea nahi izaten duzula. Bronkak horregatik izaten ditugu.


Zein ezaugarri ditu autoak?
J. S.: Beste kotxeekin alderatuta erabat desberdina da. Gidatzeko ez da erraza, nahiz eta jendeak esaten duen trakzio totala duten kotxeak errazak direla. Nire ustez oso nahastuta dago jendea. Kotxe oso azkarra izan daiteke, eta bihurgunetan asko eusten du. Turboa ere badu, eta bajuetatik altura asko nabaritzen da; asko ibiltzen da. 290 zaldi inguru ditu. Egia esan, oso sentsazio onak eskaintzen ditu.
G. I.: Bi karrera bakarri egin ditugu berarekin, eta oraindik egokitzen ari gara. 4X4 kotxea da, orain arteko guztiengandik desberdina. Horretaz guztiaz gain, segurtasun handia ematen du; ni behintzat babestuago sentintzen naiz, segurtasun aldetik ezaugarri hobeak dituelako.


Ñañarriko ibilbideak lore ugari jaso izan ditu. Zein da zuen iritzia?  
J. S.: Niri ere asko gustatzen zait. Zati azkarrak eta motelak dauzka. Eta gero, Abaltzisketa erditik pasatze hori dauka. Ikusleentzat eta guretzat oso polita izaten da hori.
G. I. : Guretzat urteko lasterketarik garrantzitsuena izaten da, etxe ondoan dagoelako. Pisu handia dauka. Eta bidea, beste batzuekin alderatuta, oso polita da.


Zein da zuentzat zatirik politena?
J. S.: Abaltzisketako sarrera. Txikana moduko bat egiten dute hor bi belar bolekin. Gero bidegurutzea dago, eta ezkerrera egin behar izaten duzu. Jende gehien bertan biltzen da. Bosgarren edo laugarren martxan sartzen zara herrira, eta puntu horretan bigarrenera jaitsi behar izaten duzu. Batzuk esku-frenoari ematen diote, eta horrek jendea asko animatzen du.
G. I.: Abaltzisketako bidegurutzea asko gustatzen zait niri ere, baina aldi berean, beldur gehien horko belar bola horiek ematen didate. Kotxea abiadura handian iristen da, eta bola horien tartetik pasa behar zara, leku estuan. Ondo neurtu behar izaten da.


Esku-frenoa aipatu duzu. Mota horretako pilotua al zara?
J. S.: Ikusleek asko eskertzen dute, esan bezala giroa asko berotzen da. Baina ni ez naiz horrelakoa, nahiz eta noizbehinka erabiltzen dudan.
G. I.: Kotxe honekin oraindik ez, eskua hartzen ari garelako. Baina denborarekin, batek daki, agian eskua tiraka hasiko zaigu.  


Amaitzeko hasiera. Nola sartu zineten mundu horretan?
J. S.: Osaba eta lehengusuekin Urrakiko igoera bat ikustera joan nintzen 12 urte ingururekin. Zaratak beldurtu egin ninduela gogoratzen dut. Pixkanaka gustatzen joan zitzaidan, eta lagunekin, gurasoen laguntzaz, lasterketak ikustera joaten hasi ginen. Gero kotxe bat hartu genuen, eta 2009an egin nuen debuta, Aiako igoeran. Ondoren etorri ziren rallysprintak, kilometro gehiago zirelako, eta kopilotuarekin dibertigarriagoa delako.
G. I.: 2008an Aiako igoera ikustera joan nintzen. Izugarrizko eguraldi txarra zegoen, eta bera beldurrez zegoen, ez zitzaidalako gustatuko. Errepikatzeko gogoarekin geratu nintzen.

OHARRA: Ibarbiaren eta Sanzen autoan bada hutsik egiten ez duen logoa: ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!