GAL, 30 urte

Eider Goenaga, 'Berria'ko kazetaria: “Ez dira GALen parte hartu zuten guztiak zigortu”

Ainhoa Oiartzabal 2013ko urr. 15a, 08:00
Eider Goenaga, 'Berria'ren erredakzioan.
Hainbat urtetan 'Euskaldunon Egunkaria'-ko politika sailean egin du lana Goenagak, eta horregatik jarraitu zuen 2000ean Lasa-Zabala auziaren epaiketa, Madrilen. Orain, GALi buruzko 'Berria'-ren gune multimedia koordinatu du Irurako kazetariak.

30 urte eta gero, ze egoeratan dago Lasa-Zabala auzia? Zer gelditzen da argitzeko GAL aferan?

Jesus Santos fiskalari horixe bera galdetu nion, eta esan zidan %50 argituta dagoela, judizialki behinik behin. Hau da, zer izan zen GAL, zeinek hartu zuten parte, zein mertzenariok,... Gainera, mertzenario horietako batzuk zigortuak izan dira, oso zigor txikiekin, hori bai. 

Baina Lasa-Zabala eta Segundo Marey auziei esker, pauso bat eman zen aurrera eta ikusi zen mertzenarioetatik haratago zegoela GALen ardura; estatu, gobernu mailako inplikazioak zeudela. Izan ere, Marey auzian Barne ministroraino iritsi ziren salaketak, eta Jose Barrionuevo epaitu zuten bahiketa egotzita. Lasa-Zabala auzian, berriz, orduko gobernadore zibil Julen Elgorriagaraino iritsi ziren ardurak eta zigorrak, besteak beste. Baina horien gainetik, beti egin da hor X jauna. Askoren iritziz, Felipe Gonzalez orduko Espainiako presidentea, nahiz eta ofizialki ez den inon halakorik jaso.

Kontua da historia badakigula, baina ez da biderik egin parte hartu zuten guztiak zigortzekoa. Inondik inora.   

Zuk koordinatu duzu GALen 30. urteurrenaren harira Berria-k plazaratu duen gune multimedia. Nola antolatu duzue gunea? Zer balio du egin duzuen lanak?

Nik koordinatu dut, baina ia 40 lagunek hartu dugu parte, era batera edo bestera. Elkarrizketa asko egin ditugu, tartean Francisco Etxeberria auzi medikuarena, eta lehendabizikoz, Joxi eta Joxeani eginiko autopsiaren bideoaren berri ematen du bertan. 

Azpimarratzekoak dira ere GAL auziari buruz ikertu duten kazetarien elkarrizketak eta haiek utzitako irudi eta agiriak: Antonio Rubio (Interview, Cambio 16, El Mundo), Ricardo Arques (Deia), Joxe Felix Azurmendi (Egin), Daniel Velez argazkilaria (Sud-Ouest) eta Paddy Woodworth kazetari irlandarra ( 'Dirty War, Clean Hands' liburuaren egilea). Kazetari hauek garrantzia handia izan dute auzi hauek argitze bidean, eta askotan poliziaren aurretik ibili dira. Izan ere, polizia nahastuta baitzegoen aferan.

Gunea ez da desegingo, eta datu berriak edo urtemuga berrien harira berritu egingo dugu.

Garrantzia berezia eman diozue GALek iraun zuen urteetan Ipar Euskal Herrian errefuxiatuek bizi zuten giroari. Hain justu, haiek kanporaketekin amaitu zen GAL...

GALek hainbat helburu zituen, baina garrantzitsuena zen errefuxiatuen segurtasun giroa puskatzea. Eta horrela,  Frantziaren esku hartzea lortzea. Hau da, estradizioak, kanporatzeak eta beste. Hori lortu zenean amaitu zen GAL.

Batetik, Frantzian bertan ETAko kide izateagatik jendea epaitzen eta zigortzen hasi ziren; eta hori leporatu ezin zietenei, mugara eraman eta kanporatu egiten dituzte. Horrek, GALek berak baino beldur handiago sortzen zien errefuxiatuei; GALek lortu ez zuena, errefuxiatuak etxean geratzea, kanporatzeek lortu zuten. Izan ere, mugan Espainiako indar polizialen eskuetan gelditzen ziren, torturatuak izateko arriskuarekin. Alde horretatik, GALek erabateko arrakasta izan zuen. 

Garcia Goena tolosarrarena izan zen GALen azken hilketa. Bera, ordea, ez zen ohiko errefuxiatua, eta dirudienez, ez zen izan ohiko atentatua. Zergatik hil zuten?

GALen ohiko azken atentatua 1986ko otsailekoa da; orduan hasi ziren euskal errefuxiatuen kontrako epaiketak eta kanporaketak. Baina urte eta lau hilabete geroago, bonba jarri autoan eta hil egiten dute Garcia Goena. Zenbait adituren hipotesian arabera, Jesus Amedoren pista 86ko amaieran hasi ziren ikertzen. Izan ere, berak eta Michel Dominguezek kontrolik gabe erabiltzen zituzten estatuaren diru bereiziak, nabarmenkeriz. Eta aldi berean, mertzenario batzuk atxilotu zituzten eta hasi ziren hizketan, polizia seinalatuz. Giro honetan, eta babesa eskatuz-edo, egin zuten Garcia Goenaren atentatua. Hau da, goikoei emaniko abisua.

Amedo eta Dominguez 1991n epaitu zituzten Batxoki, Consolation eta Garcia Goenagatik; lehen bi auziengatik 108 urteko kartzela zigorra jaso zuten, baina bigarren auzian absolbitu egin zituzten. Eta behin errugabe jota, nahiz eta datu gehiago eta berriak ageri inoiz, ezingo dituzte berriro epaitu. 

'Euskaldunon Egunkaria'-rako jarraitu zenuen Zabala auziaren epaiketa 2000an. Zein oroitzapen gordetzen dituzu?

Lasa-Zabala auziari buruzko epaiketa zen, baina GALen sorrerari buruzko informazio ugariri eman zion bide. CESIDeko buru ohi Manglanok, Perotek deklaratu zuten,... Madrilen eta Auzitegi Nazionalean izanik epaiketa, ni eta ni bezala Euskal Herritik gindoazen kazetariek bat egiten genuen Lasa eta Zabalaren senide eta lagunekin, asko eta asko Tolosakoak. 

Auzia oso gogorra izan zen, latza zen han entzun zirenak entzutea. Baina ikustea akusatuen aulkian esertzen zirela, eta hainbat urtez ezkutuan gordetako guztia agerian jartzen ari zirela, eta Intxaurrondoko guardia zibilek gutxienik auzi honegatik zigortu egin zituztela ba satisfakzio pixka bat ematen zuen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!