Ataria TB

Ibarrako tiralariei harrera egin diete herritarrek Munduko Txapelketatik bueltan

Ataria 2024ko otsailaren 13a

Ibarra sokatira taldea atzo iluntzean bueltatu zen herrira Munduko Txapelketatik bueltan. Senide eta herritarrek harrera bero eskaini zieten kirolariei eta lortutako dominak txalotu zituzten.

Bertso bitartez erakutsitako kemena eskertu nahi izan zieten sokatira taldeko kideei. Jexux Peñagarikano eta Ane Zubiaren hitzak kantura eraman zituzten.

Meritua da, neska kuadrilla,

astindu baratzea,

Suediatik Ibarraraino,

saski bete ekartzea.

ez da erraza lana, sendia

eta kirola uztartzea,

halakoetan merezi du, bai,

denon gogora ekartzea,

urre kolorez janzten direla

zilarra eta brontzea.

(Jexux Peñagarikano).

 

Sokaren tiran bi sari lodi

brontzea eta zilarra

Sokaren puntan beste behin jarriz

emakumeen indarra

Munduan handi egin duzue

Berez txiki den Ibarra

Piztu dadila gure bultzadaz

Herri hontako sugarra

Zorion Hitza herriak zuei

Emateko dun bakarra

(Ane Zubia).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!