Ibarra Sokatira Taldekoek zilarrezko domina lortu dute Munduko Txapelketan

Ataria 2024ko otsailaren 9a

Emakumezkoen taldeak lortu du 500 kilotan, Suedian jokatzen ari den Munduko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldian.

Dominarekin hasi dute Ibarra Sokatira Taldekoek Suedian jokatzen ari diren Munduko Txapelketa. Emakumezkoen taldeak bigarren postua lortu du eta beraz zilarrezko domina jantzi 500 kiloko kategorian, pisu txikienean. 11 taldek parte hartu dute maila horretan, eta guztiek guztien kontra tiratu zuten sailkapen fasean. Bigarren postuan geratu ziren, eta beraz, hirugarren izan ziren Txina Kontinentalen aurka izan zuten jokoan finalerako txartela. Finalerdia irabazi eta ondoren finala Beti Gazte talde lesakarraren aurka jokatu zuten. Beti Gaztek Txina Taipeiren aurka irabazita lortu zuen finalera pasatzea. Finalean gehiago izan ziren Beti Gaztekoak eta beraiek eraman zuten urrea; beraz, Ibarrakoek bigarren postua lortu zuten. Hirugarren Txina Kontinental taldea izan zen, kontsolazio finalean Txina Taipeiri irabazita.

Lehen jardunaldia atzo jokatu zen, eta bertan parte hartu zuten gizonezkoen taldeak 600 kiloko kategorian. 20 talde inguruk parte hartu zuten eta bi multzotan banatu ziren. Beraien multzoan txukun moldatu ziren Ibarrakoak eta hirugarren egin zuten. Goi postu horretan amaitzeak baina, ez zien finalerdiak jokatzeko aukera eman, multzo bakoitzeko lehen bi taldeak sailkatzen baitziren. Beraien multzoko lehen bi taldeen aurka tiraldiak galdu zituzten, baina beste guztien aurkakoak irabazi, eta gustura geratu ziren egindakoarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!