Brontzezko domina lortu dute Ibarrakoek bigarren jardunaldian

Ataria 2024ko otsailaren 10a

Munduko Sokatira Txapelketa dago jokoan Suedian, eta Ibarrako taldeak hirugarren postua lortu du emakumezkoen 540 kiloko mailan.

Lehen jardunaldian zilarrezko domina lortu eta gero, bigarren jardunaldian, atzo, brontzezko domina eskuratu zuen Munduko Txapelketan Ibarra Sokatira taldeak. Emakumezkoen taldeak lortu zuen hirugarren postua, 540 kilokoan, maila pisutsuenean. Sailkapen fasetik lau talde nabarmendu ziren, eta beraien artean jokatu zituzten finalerdiak. Ibarraz gain, Lesakako Beti Gazte eta Txina Taipeko bi talde izan ziren lehia horretan. Ibarrari Beti Gazte egokitu zitzaion eta galdu egin zuen, eta, beraz, hirugarren postua lortzeko lehia jokatu zuen Txina Taipeiko taldeetako baten aurka.

Brontzezko domina lortzeko lehia gogorra izan zen. Lehen tiraldia irabazi zuten Ibarrakoek, baina bigarrena galdu, eta dena hirugarrengoan erabaki zen. Gogor borrokatu zuten, eta azkenean irabazi ahal izan zuten Txina Taipeikoen falta baten ondorioz. Pozik geratu ziren lortutakoaz Ibarra Sokatira Taldekoak.

Atzoko jardunaldien misto mailakoen lehia izan zen. Bi talde atera zituzten Ibarrakoek. Horietako bat lehen postuetan sartzeko asmoz, eta bestea tiratzaile gehiagok parte hartzeko. Bi multzotan lehiatu ziren, eta Ibarra A laugarren geratu zen bere multzoan, eta Ibarra B zortzigarren berean; hortaz, bietatik ez zen inor sailkatu finalerdietara.

Bestalde, atzo ere, Ibarrako tiratzaile batek urrea lortu zuen gizonezkoen Beti Gazte taldearekin 680 kiloko mailan lehiatuz.

Gaur eta bihar selekzioen arteko lehiak daude jokoan Munduko Txapelketan. Ibarrako zenbait neska tiratzaile 23 urtez azpiko misto mailan lehiatu dira gaur Euskal Herriko selekzioarekin eta hirugarren postua lortu dute. Lehenengoa Txina Taipei izan da eta bigarren Ukrainia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!