ELKARRIZKETA

«Estazioen kokapen geografikoak ezinbesteko garrantzia du»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 21a, 07:59

Iker Ibarluzea meteorologo ibartarrak azken 22 urteetako tenperatura eta prezipitazio datuak aztertu ditu; harrituta geratu da, eta kontu handiz aztertu behar direla esan du.

2001az geroztik eskualdean jasotako datuak gorabeherarik gabekoak direla esan du Ibarluzeak. Gure klimatologia aldatzen ari dela nabarmendu du, baina esan du estazio meteorologiko batzuk lekuz aldatu beharko liratekeela.

Zein da, oro har, eskualdeko datuen inguruan egiten duzun irakurketa?

Harrituta geratu naiz, batez besteko tenperaturengatik. Aldaketa klimatikoaren testuinguruan, diskurtsoek adierazten dutena ez da plasmatu Tolosaldeko estazioetako datuetan. 22 urtetan oso zaila da ondorio klimatiko bat izatea, baina azken urteetako joera ikusita, deigarria da tenperatura erregularki mantentzea. Egia da iazko urtea oso beroa izan zela, baina ez da igoera konstanterik antzematen. Ikusiko dugu datuek zer dioten, baina aurtengo urtea iazkoa baino freskoagoa izaten ari delakoan nago.

Prezipitazioei dagokionez, antzeko kopuruetan ibili gara urte hauetan guztietan. Azken hiru urteetan zertxobait behera egin dute, baina ez nuke esango beherakada drastiko bat egon denik. Euri kopuru antzekoa botatzen jarraitzen du, baina egun gutxiagotan. Lehen, urtean zehar egun gehiagotan egiten zuen euria. Orain, bizpahiru hilabete oso euritsu izaten ditugu, eta besteetan prezipitazio txikiagoak. Akaso, gure klimatologia pixka bat eraldatzen ari da; atlantikoa edo ozeanikoa izatetik pixka bat tropikalizatzera igaro da.

Esaten da azken urteetan bero handiagoa eta euri gutxiago egiten duela.

Pasa den urteko udara oso berezia izan zen, ia anormala. Oso goiz hasi zen eta ohikoa baino gehiago iraun zuen. Bero bolada batzuk izan ziren eta apenas egin zuen euria. Kontua da aurreko hiru udaratan lainotutako egun asko izan genituela, eguzkirik gabekoak, eta batez bestekotik beherako tenperaturekin. Gure oroimena, eguraldi aldetik, oso mugatua da; uda batean bero handia egiten duenean iruditzen zaigu aurrekoak ere hala izan direla. Euriagatik ez daukagu kezkatzeko motiborik, baina kontzentratuago egiteak alde txarrak ere baditu, batez ere, nekazarientzat.

Zizurkilen erregistratu dira tenperatura altuenak; apalenak, berriz, Belauntzan. Deigarriak egin zaizu?

Estazio meteorologikoen kokapen geografikoak ezinbesteko garrantzia du. Zizurkil itsasotik gertu dago, eta neguan tenperaturak hain hotzak ez izatea dakar horrek. Udaran, baldin eta zein joera hartzen duen, mendikate nagusietatik behera datorren hego haizearen ondorioz, bero dezente egin dezake, eta tenperatura oso altuak markatu ditzake. Gauez, itsasoa gertu duenez, ez du hainbeste freskatzen. Bestalde, Belauntzako estazioa iparraldera orientatuta dago eta leku oso ospelean.

Bestalde, Berastegi izan da herri euritsuena. Urtero, 2.000 litro metro karratuko jaso dira bertako estazioetan.

Ia 3.000 ere izan ziren 2013an. Hori astakeria bat da. Euskal Herrian euri asko egiteko ipar-mendebaldeko haizea egin behar du, eta hori gertatzen denean, prezipitazioa errazago iristen da ipar-ekialdera. Oso zonalde menditsua izateak ere eragina du. Berastegi inguruan hasten da Euskal Herriko gune euritsuena, Artikutza, Lesaka eta Bera ingururaino luzatzen dena.

Hala ere, azken 22 urteetako kopuru handiena Bidanian erregistratu zen, 2013ko azaroan: 568 litro metro karratuko.

Justu, eskualdean mendebalenen dagoen herria da. Hau ere gune menditsua da, eta beraz, ez da harritzekoa euri asko egitea. Hala ere, kontuan hartzeko beste faktore batzuk egongo ziren tartean: fronteak, haize mota...

Datuak guztiz fidagarriak izateko, baldintza batzuk bete behar dituzte estazioek, ezta?

Bai, batez ere termometroek. Errepide batetik urrun egon behar dute, distantzia esanguratsu batera. Oso gertu jarriz gero, autoek eta asfaltoak igorritako berotasunarekin, neurtutako tenperaturak manipulatzera iritsi daiteke; batzuetan, bi graduren aldea egon daiteke. Bestetik, belar gainean egon behar dute, eguzkitan, metro eta erdiko altueran eta haizeak eman behar dio. Euri-neurgailuek, berriz, euria ondo hartuko duten guneetan egon behar dute. Eskualdeko estazio batzuek ez dituzte baldintza horiek betetzen. Herri horietan jarri ordez, inguruko herri batera lekualdatu behar dira, bestela, datu klimatikoak ez dira guztiz errealak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!