Tolosaldean eguraldiari lotutako hainbat datu hartzen dituzten zazpi estazio meteorologikoetako bat da Ameraun. Berastegin kokatua dago, 285 metroko altueran. Ameraun estazioan jasotako euri prezipitazioen lanketa egin du Atariak. Aipatu behar da guztia Euskalmetetik jasotako datuetan oinarrituta egin dela eta zenbait hilabeteetako datuak ez direla ageri.
Urtarrila eta azaroa, euritsuenak
Euskalmetek Berastegin kokatutako Ameraun estazio meteorologikoko 2002tik 2022ra bitarteko datuak jasotzen ditu, nahiz eta hilabete batzuetakoak ez egon: 2011. urteko azaroa eta abendua, 2012ko urtarrila eta 2014ko maiatzetik urrira.
Datuak aztertuta, urteko hilabeterik euritsuenak urtarrila eta azaroa direla ikusten da. Hala ere, badira aipatzeko bi urte berezi ere: batetik, 2007. urtean martxoa izan zen hilabeterik euritsuena, guztira 496,3 litro metro karratuko jaso ziren, eta abuztuan 315,6. Azken hori da azken 20 urteetako abuzturik euritsuena. Bestetik, lau urtetan, 2013, 2015, 2016 eta 2018an, otsailean ere euri asko egin zuen; azken hiru urte horietan gainera, urteko hilabeterik euritsuenak izan ziren.
Eskualdeko batez bestekotik gora
2013. urtea azken 20 urteetako euritsuena izan zen. Urte horretako prezipitazioen konparaketa eginda, Ameraungo estazioa eskualdeko batez bestekoaren gainetik egon zela ikusten da. Hala ere, hilabete batean, uztailean, eskualdeko batez bestekoa gailendu zen.
2022a, gorabeheratsua
Ameraun estazioko azken 20 urteetako datuak eskualdekoekin konparatuta, urtez urteko hilabeteetako kopuruak ibilbide berdina egiten duela ikusten da. Hala ere, 2022arekin bi horiek konparatuta, urte gorabeheratsua izan zela ikus daiteke. Otsailean, maiatzean, uztailean, urrian eta abenduan batez bestekotik behetik dago, eta aldiz, martxoan, apirilean, abuztuan eta irailean goitik.