Gaizka Maizak ACBn jokatuko du denboraldia amaitu artean

Ataria 2018ko maiatzaren 4a

Argazkia: Gipuzkoa Basket

Iraurgirekin urrezko LEB mailako denboraldia amaituta, Gipuzkoa Basketekin lehen mailako denboraldiko azken neurketak jokatuko ditu Ibarrako saskibaloi jokalariak.

Gipuzkoa Basketek 2017ko udan fitxatu zuen Maiza, baina Iraurgirekin jokatu du denboraldi osoan zehar, klub donostiarrak utzita. Bada, duela bi urte gertatu bezala, azpeitiarren egutegiko neurketa guztiak jokatu eta gero, ACBko azken neurketak jokatuko ditu GBCrekin.

Maizak duela bi denboraldi egin zuen debuta Endesa Ligan, hain zuzen, Porfi Fisac entrenatzaile zela. Buesa Arenan izan zen, Baskoniaren aurkako neurketan, eta lehen laurdenaren amaieran, minutu bat eta 40 segundo jokatu zituen.

Lau partida jokatzeko aukera izango du ibartarrak. Lehena, Real Madrilen kantxan izango da, igandean. Hurrengo jardunaldia ere etxetik kanpo jokatuko dute gipuzkoarrek, Andorran. Maiatzaren 20an jokatuko du etxeko neurketa bakarra, Juventuten aurka. Ligari amaiera emateko, Fuenlabradari egingo diote bisita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!