Gaizka Maiza: «Kuadrillakoen pankartak sekulako ilusioa egin zidan»

Mikel Iraola 2016ko mai. 2a, 11:23

Gaizka Maiza ibartarrak debuta egin du saskibaloiko lehen mailan, ACB ligan. Gipuzkoa Basketeko elastikoa jantzita, Laboral Kutxa Baskoniaren aurka minutu bat eta 40 segundo jokatu zituen.

Duela bi aste, Iraurgiren denboraldia amaitu bezain pronto, Gipuzkoa Basketen deia jaso zuen Gaizka Maizak. Entrenamendu saioetan laguntzea zen helburua, baina azken egunetako lesioak medio, Porfi Fisac entrenatzaileak Baskoniaren aurkako deialdian sartzea erabaki zuen. 

Maizaren esanetan, "bat-batekoa eta espero gabekoa" izaten ari da guztia: "Ostegunean entrenamendua amaitu eta gero, Fisac-ek esan zidan fitxa egin eta denboraldia amaitu bitarte nirekin kontatu nahi zuela. Ez nuen inondik espero". 

Debuta ere, "espero gabekoa"

Deialdian sartu bazuen ere, jokatzea beste gauza bat izaten da. Bada, aukera hori ere izan zuen: lehen laurdenaren amaieran, minutu bat eta 40 segundo jokatu zituen Buesa Arenan, Baskoniaren aurka. Hau ere "espero gabekoa" izan zela aitortu du jokalari ibartarrak. Honenbestez, Gipuzkoa Basketekin ACBn debuta egin duen zortzigarren gipuzkoarra izan da Maiza. 

Albistea jaso ondoreneko egunak urduritasun apur batekin pasa bazituen ere, debutaren eguna bera "lasai" bizitu zuela dio. "Autobusera igo eta taldekideekin batu nintzenean asko lasaitu nintzen. Hortik aurrera kontzentratuta egon nintzen", dio Maizak. Kantxan ere antzera izan zen, bere egitekoan murgilduta: "larunbateko entrenamenduaren ostean Fisac-ek jarraibide batzuk eman zizkidan eta hori egiten saiatu nintzen". 

Debuta, gainera, ez du edonoren aurrean egin. Laboral Kutxa Baskoniaren kantxan jokatu du ACBko lehen neurketa. "Berezia" izan dela aitortzen du: "ACBn debuta egiteko kantxa aproposena da, akaso. Txikitatik Baskonia jarraitu izan dut, aitagatik, eta han jokatzea berezia izan zen niretzat. Europako talderik onenetako bat da".

Babesarengatik eskertuta

Eskualdeko jende ugari gerturatu zen Gasteizera: Maizaren senideak, kuadrillakoak, TAKEko taldekide ohiak... Kuadrillakoen gainera, pankarta egin zioten: Ametsak egi bihurtuz, eman egurre artista. "Sekulako ilusioa egin zidan kuadrillakoen pankartak, sorpresa handia izan zen". Telefonoz eta Twitter bidez ere mezu ugari jaso zituen Maizak. "Oso eskertuta nago mezu guztiengatik". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!