Anttoni, Izaskun, Pilar eta Maria Jesus esnea saltzen aritutakoak dira, eta oso gazte zirela egunero jaisten ziren astoarekin Tolosara saltzera. Esnea eta barazkiak saltzen zituzten, etxeetan nahiz azokan. Horren bueltan, hainbat pasadizo kontatu dituzte.
Ama alboan zutela hasten omen ziren Hernialdetik Tolosara jaisten, eta lanbidea ikasten zutenean bakarrik jaisten ziren. Eguneroko lana izaten zen. Etxez etxe saldu ostean, Plaza Berrian, norbere postuan jartzen ziren saltzen. Eta, behin saltzen zutenean, etxerako behar zutena erosten zuten. «Marmitan esnea eman eta ardoa ekarri ere bai», kontatu dute irribarrez. Plaza inguru horretan denda txiki ugari zeudela ere gogoratu dute, «gaur egun, baina, denak itxita daude». Goiza Tolosan igaro ostean, etxerako bidea elkarrekin egiten zuten esnezale gazteek, kontu kontari.
Astoarekin bizitako hainbat pasadizo ere kontatu dituzte. Isunak jartzen zituztela, esaterako. «Plaza Berrian edo Belaten uzteagatik isuna jartzen zuten». Justizia edo Euskal Herria plazan utzi behar izaten omen zeen astoa, eta ordaindu egin behar izaten zen han uzteagatik. «Igandea izango zen; aguazil txiki eta argal bat astoaren aldamenean, eta 5 pezetako isuna, astoa baimenduta ez zegoen lekuan uzteagatik. Inazioneko Mariak duroa eman zion aguazilari esanez: 'Tenga, tenga, pa que se engorde'», kontatu dute barrezka.