Rolleskiak urteroko zita dauka eskualdean larunbat honetan. Hernialdeko Igoera 16:00etan hasiko da. Eta aurten, ibilbide berria izango dute AHT-ren lanak direla medio. Hernialdeko bidegurutzetik irten beharrean Anoeta herritik hasiko da lasterketa, Sortalde kaletik, 16:00etatik aurrera.
Hiru kategoria egongo dira: infantilena, helduena eta beteranoena. Rolleskiatzaileak bi modalitatetan lehiatuko dira, klasikoan edo skating-ean. Xanti Saizar antolatzaile taldeko kideak azaldu ditu bakoitzaren eta bestearen ezaugarriak Ataria Irratiko Eutsi Goiari! kirol saioan: «Rolleskia kirol osagarri bat da. Negua iritsi bitartean, eskiatzen ibiltzen direnentzat entrenatzeko modu bat. Bi estilo mota daude, klasikoa eta skating-a. Iraupeneko eskia egiteko modu bat arrastoaren gainetik joatea da, bi oinak paraleloan direla. Hori klasikoa izango litzateke. Skating-a ‘V’ forman egiten da, patinatzaile estiloan. Inpultsoa hangiagoa egin behar izaten da, eta rolleskian gorpilak ere beste modu batean jarrita egoten dira. Hankekin egiten den mugimendua desberdina da».
Larunbateko proban izena emateko epea zabalik dago. Xanti Saizarren esanetan 80 lagun inguru izango dira lasterketan, baina parte hartzeko, beste modu bat badela dio Uzturreko kideak: «Ibilbidean zehar jarri eta kirolariak animatzea ere garrantzitsua da, lasterketaz gozatuaz».