Ataria TB

630 metro, 50 kiloko txinga banarekin

Ataria 2024ko abenduaren 31

Kerman Perez de Heredia maeztuarrak 7 minutu eta 31 segundoan egin du Agiñazpi baserrian hasi eta Asteasuko plazan amaitzen zen ibilbidea; bi txuleta eraman ditu etxera saritan.

Txingak eramaten Euskadiko txapeldun den Kerman Perez de Heredia maeztuarrak, ez du berehalakoan ahaztuko gaurko eguna. Marka saiakera egin eta lortu baitu, noiz eta Urte Zahar egunean, eta non eta Asteasun, herri kirolen egutegian gorriz markatutako eguna eta herria baitira bata zein bestea.

Perez de Herediak 44 plazako marka dauka 50na kiloko txingekin. 1.200 metro baino gehiago dira hori. Gaur, horren erdia egin du. Hori bai, txingak lurrean utzi gabe. 7 minutu eta 31 segundo behar izan ditu Asteasuko Agiñazpi baserrian hasi eta herriko plazan amaitzen zen 630 metro inguruko ibilbidea osatzeko. Bidean zehar, herritarren animoak nahiz txaranga doinuak entzun ahal izan ditu.

Behin erronka lortuta, «oso pozik» zegoen maeztuarra. «Akaso, azkarregi hasi naiz, baina maldan behera zenez, ezin nuen abiadura asko moteldu, eta amaieran, sufritzea egokitu zait. Giro ederra izan da ibilbidean zehar. Ea horrelako gehiago egiteko aukera dugun beste tokiren batean».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!