Marka lortuta, eta bi txuletarekin etxera

Ataria 2024ko abe. 31a, 15:24

Txingak eramaten Euskadiko txapeldun den Kerman Perez de Heredia maeztuarrak (Araba), 630 metro inguru egin ditu eskutan 50 kiloko txinga banarekin, askatu gabe; 7 minutu eta 31 segundo behar izan ditu.

Urtero, Urte Zahar egunean, herri kirolen topaleku bihurtzen da Asteasu. Arratsaldean izan ohi da hitzordua Usarrabi frontoian; hainbat final jokatzen dira bertan. Aurten, baina, eguerdirako ere ekintza bat antolatu zuten, marka saiakera bat. Txingak eramaten Euskadiko txapeldun den Kerman Perez de Heredia maeztuarrak (Araba), 600 metro pasatxo egin behar zituen eskutan 50 kiloko txinga banarekin, askatu gabe. Ondoko ibilbidea egin du: Agiñazpi baserria, Kale Nagusia, iturria, plaza, Obaba kalea, Ibarrazpi ibilbidea, Kale Berria eta amaiera, plazan dagoen Pello Errota eta Eleuterio Tapiaren eskultura multzoan. Azkenean, 7 minutu eta 31 segundo behar izan ditu ibilbideko 630 metro inguru egiteko.

Joxe Angel Sarasola herritarraren eta Joxe Mari Beldarrain harakinaren arteko apustua izan da tartean. Sarasolak lortuko zuela zioen; Beldarrainek, berriz, ez. 20 bazkari zeuden jokoan. Azkenean, Sarasola garaile. Gainera, behin erronka amaitutakoan, harakinak bi txuleta eman dizkio Perez de Herediari.

Arratsaldean, bost final

Arratsaldean, Usarrabi pilotalekuan izango da eguneko hitzordu nagusia. 16:45ean hasiko da jaialdia eta bertan hainbat final jokatuko dira. Urrezko Aizkolari Kopa Txapelketaren barruan, Urrezko Mailan hiru aizkolari ariko dira lehian: Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Beste finaletako batean, Binakako Aizkolari Kopan, Gazte Mailan, hiru bikote ariko dira: Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia, Oier Mitxelena eta Aitor Saralegi, eta Igoin Pikabea eta Beñat Senosiain. Binakako Aizkolari Kopan, Emakumezkoen Mailan, bi bikote ariko dira lehian: Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi, eta Nerea Sorondo eta Irati Astondoa.

Binakako Harri Jasotze Txapelketaren barruan, gizonezkoen mailan hiru bikote ariko dira: Xabier Aranburu Guzta eta Paulo Azpiazu, Gorka Etxeberria eta Beñat Telleria, eta Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra. Emakumezkoen mailan, beste hiru bikote izango dira pilotalekuan: Lierni Osa eta Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Goizeder Abendibar, eta Patricia Martin eta Ane Atxutegi.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!