Goine gaztandegiaren Otzara gazta saritu dute Lyonen eta Frankfurten

Ataria 2023ko abenduaren 11

Lyonen (Frantzia) urrezko domina lortu du, eta Frankfurten (Alemania), berriz, Urre Handia izendapena jaso du.

Asteasuko Goine gaztandegiak beste bi sari jaso ditu berriki: Otzara gaztak urrezko domina lortu du Lyongo (Frantzia) munduko produktu onenen lehiaketan; eta Urre Handia (Gran Oro) izendapena, berriz, Frankfurteko nazioarteko dastatze lehiaketan.

Ez dira Otzara gaztak jasotzen dituen lehen sariak. Azaroan zilarrezko domina lortu zuen La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak) ospatu zen Pirinioetako artisau-gaztaren lehiaketan; eta sari nagusia ere jaso zuen Esneki azokaren lehen edizioan. Horrez gain, joan den urtean ere saritu zuten Goine Frankfurteko lehiaketan: zilarrezko domina jaso zuen Yrula gazta trufadunak.

Goine gaztandegiko Joseba Otegi ekoizleak aipatu izan du sari horiek jasotzea «oso baliagarria» dela produktuak ezagutarazteko. Bada, Lyongo txapelketako antolatzaileen arabera, bataz beste %13 igotzen da haien lehiaketan urrezko domina jaso duten produktuen salmenta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!