ELKARRIZKETA

«Orain bi pertsona gehiago gara euskararen alde indar egiteko, nabarituko da»

Ataria 2024ko mar. 23a, 07:57

Luly Martinez eta Alberto Foambuena, Anoetako plazan. J.M.

Duela bi urte, Luly Martinez Fernandez eta Alberto Foambuena Licer madrildarrak etorri ziren Euskal Herrira, Anoetara, bizitzera, eta berehala eman zuten izena euskaltegian. Kukuak kantuz taldeko kideak dira eta haien izenean eramango dute Korrikaren lekukoa bihar.

 

Anoetan egin dieten harrerarekin «zoratzen» daudela aitortu dute Luly Martinez Fernandezek (Madril, Espainia, 1960) eta Alberto Fombuena Licerrek (Madril, 1958). Euskaltegian hastapeneko mailetan dabiltza eta elkarrizketa hasterako hitz eman dute solasaldian, nola edo hala, euskaraz dakizkiten hitz guztiak erabiliko dituztela.

Zein izan da zuen migrazio prozesua?

Fombuena. 2022an iritsi ginen hona. Aurretik ere egonak ginen hemen, gure semea Donostian bizi baita. Erretiroa hartu genuenean hona ingurura etortzea erabaki genuen, semearen eta biloben ondoan egoteko. Donostia inguruan bizitoki baten bila hasi ginen. Tolosa bisitatu genuen aurrena eta gero Anoetan etxebizitza bat hartzeko aukera sortu zitzaigun. Izugarri gustatu zitzaigun tokia eta bertan geratu ginen.

Martinez. Gure espektatibak betetzen zituen Anoetak: garraio publikoa gertuan zuelako eta Donostiatik ordu erdi eskasera dagoelako. Ez genuen herria ezagutzen eta oso pozik gaude hemen tokatu garelako. Zorte handia daukagu. Kariño handiarekin hartu gaituzte. Oso ondo zaintzen gaituzte eta tratu ona ematen digute. Zoratzen gaude.

Fombuena. Anoetar izateko prozesuan gaude [barrez].

Anoetar eta euskaldun, laster.

Martinez. Nabari dugu bertako jendeari ilusio handia egiten diola gu euskara ikasten hastea. Baloratu egiten du jendeak gure ahalegina.

 

Luly Martinez: «Ilusio handia egiten dio jendeari gu euskara ikasten hastea»

 

Fombuena. Bai, zeren guretzako oso konplikatua da adin honekin hizkuntza berri bat ikasten hastea. Gure bilobek gu baino askozaz azkarrago ikasten dute.

Martinez. Dena den, adinak badu bere alde ona ere. Gure inguruan euskaraz ari direnean, askotan ez dugu ulertzen zertaz ari diren eta hori dibertigarria ere bada. Agian gazteagoak bagina, zerbait inportantea galtzen ari garenaren sentsazioa izango genuke, baina behin adin honetara iritsita, igualtsu zaigu enteratu gabe egonda ere [barrez]. Ni oso hiztuna izan naiz betidanik eta niretzat ariketa interesgarria da bestearen tokian jartzea; orain gutxiago esan eta gehiago entzuten dut. Ikasketa bat izaten ari da.



Aurretik ezagutzen al zenuten euskara?

Fombuena. Euskal Herrian egon izan gara, turismoa egiten eta gaztetatik mendizaleak izan garenez, txango batzuk ere egin ditugu hemen inguruan. Bagenekien «eskerrik asko» esaten, eta «kontuz» ere bai, errepideetan ikusten genituen kartelengatik.

Martinez. Eta gure bilobei entzunda ere bai, haiek euskaldunak baitira. Badira zortzi urte semea hona etorri zela. Musikenera etorri zen kontrabaxua ikastera eta berarekin ekarri zuen bikotea, hura ere madrildarra. Gustatu zitzaien hemengo bizimodua eta bertan lekutu dira. Bi biloba dauzkagu orain, bost urteko Izadi eta bi urteko Arai. Euskaraz badakite eta guretzako akuilua dira. Egunen batean haiekin hizkuntza eder honetan hitz egitera iristea asko gustatuko litzaiguke.

Zergatik erabaki zenuten euskaltegian izena ematea?

Fombuena. Hemen bizitzea erabaki genuenean pentsatu genuen bertako jendearekin harremana egin nahi bagenuen euskara ikasi behar genuela. Azken batean, niretzat, kulturaren sorburua hizkuntza da. Eta horrekin batera, musika, pintura, antzerkia... Kultura baten oinarrizko elementu biziduna da hizkuntza. Gustatuko litzaiguke euskarazko idazleen lanak irakurtzea etorkizun batean. Oraingoz, moldatzen hasita gaude Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin [barrez].

 

Alberto Fuembuena: «Kultura baten oinarrizko elementu biziduna da hizkuntza»



Nolakoa izan da euskarara egin duzuen hurbilpena?

Martinez. Oso erakargarria da euskara. Hizkuntzaren egitura hain diferentea denez, horrek pentsatzera narama konbertsazioak ere modu ezberdinean antolatzen dituzuela. Ez da berdina elkarrizketa bat euskaraz edo gaztelaniaz edukitzea. Ez dut esan nahi hizkuntza zaila denik, baina gu zein hizkuntzatik gatozen ikusita, guretzako zailagoa da hurbilpena. Nik ia ez dakit ingelesez, baina euskara ikasten hasi naizenean konturatu naiz, alderaketa eginda, ingeles asko dakidala, nahigabe inguru guztian presente dagoen hizkuntza bat delako. Euskararekin ez da hori pasatzen.



Fombuena. Guretzako zailagoa da, bai. Hemen, aditza, subjektua, adjektiboak... dena alderantziz esaten da. Nire helburua elkarrizketak ulertzera iristea da, ilusio horixe daukat. Hitz egitera, ez dakit inoiz iritsiko ote naizen.

Martinez. Bai, gizona. Zuk nire aldean baduzu abantaila bat: lotsagabeagoa zara [barrez].

Fombuena. Egia da. Katalunian hemen bezala bi urte eramango bagenitu, «parlaríem un català excellent», edo Galiziara joan izan bagina, «falaríamos galego sen problemas».

Martinez. Hemen, «ez horregatik» ikasteak bi urte eman dizkigu [barrez]. Baina, tira, presarik ez dugu.

Zer-nolako taldea osatu duzue euskaltegian?

Martinez. Sei-zazpi pertsona gara, adin jakin batekoak ia denak. Gure artean, giro oso ona dago. Ez dugu titulua eskuratzeko presiorik eta hori erraztailea da, bai ikasleontzat, baita irakaslearentzat ere. Tentsio gutxi dugu eta hori erosoa da guretzat.

Fombuena. Bai. Gure ikaskideak Tolosa, Asteasu, Ordizia edota Bilbokoak dira, hemen inguruan bizi direnak. Gazteena, gu bezalaxe, madrildarra da eta zortzi urte daramatza hemen bizitzen. Hala ere, 40 urte inguru dauzka eta gure aldean nabari zaio ikasteko erraztasuna.

Martinez. Olatz Peñagarikano da gure irakaslea orain. Amatasun baimenarekin egon da eta probatu ditugu beste irakasle batzuk ere. Denak ere zoragarriak izan dira. Badirudi AEKn irakasle izateko oso jatorra eta sinpatikoa izatea jartzen dutela baldintza gisa.

 

Luly Martinez: «Badirudi AEKn irakasle izateko oso jatorra eta sinpatikoa izatea jartzen dutela baldintza gisa»




Fombuena. Gurekin, behintzat, pazientzia pixka bat izan behar dute, ikusita euskara ikastea zenbat kostatzen zaigun. Errepikatzearen errepikatzeaz, asperduraz ikasten dugula iruditzen zait askotan.

Izan duzue euskara praktikatzeko aukera?

Fombuena. Bilobekin Topic-era joan ginen Perez sagutxoari buruzko txotxongilo emanaldi bat ikustera. Ulertu genuen bakarra, «Perez» izan zen [barrez]. Handik gutxira beste saio bat ikustera joan eta gehixeago ulertu genuen, baina ez asko.

Martinez. Une horretantxe gaude. Hitz solteak entenditzen ditugu elkarrizketa batean, baina ez digu denborarik ematen itzulpena egiteko. Hortaz elkarrizketa ulertu edo imajinatu, esaldia egituratu eta itzultzen saiatzerako, gure solaskideak lau konbertsazio harago doaz.

Hemen sartu al zaizue kanturako gogoa?

Martinez. Ez, bizitza osoa generaman abesbatza batean, Madrilen. Albertok gitarra jotzen du eta etxean oso kantariak izan gara betidanik. Hona etortzerakoan koro baten bila hasi ginen.

Fombuena. Tolosan Andre Maria musika kaperaz hitz egin ziguten, baina elizarekin zerikusia zuen ezertan sartzeko gogorik ez geneukan. Anoetan galdetu genuen eta Kukuak Kantuz taldea bazegoela esan ziguten. Miren Mujika zuzendaria ezagutu genuen eta dena euskaraz egiten zutela esan zigun berehala. Guk batere eragozpenik ez genuela esan genion eta horrelaxe hasi ginen.

Martinez. Madrilen ezagutu genuenaren aldean ezberdina da hemengoa, baina oso atsegina. Han ere beste hizkuntzetan kantatzen genuen, beraz, ez zaigu oso zaila egiten euskaraz kantatzea.

Fombuena. Oso jende jatorra dabil koroan eta hunkituta gaude, benetan, zeinen harrera beroa egin diguten ikusita. Xalbadorren heriotzean, Baratze bat, Goizian argi hastian... eta horrelakoak ikasi ditugu dagoeneko. Oso kontentu gaude.

Martinez. Abesbatzara joaten diren denak elkarrekin euskaraz hitz egiten dute eta guk ez dugu hori oztopatu nahi. Eta ezin ulertu ibiltzen garen une horietan, noski, ingurukoak arduratzen dira gertatzen denaz jabetu gaitezen: polikiago hitz eginda, ondokoak guri xuxurlatuta, keinuen bidez... Nahi dugun gauza bakarra da haiek euskaraz jarrai dezaten, modu horretara ikasiko dugulako guk ere. Ez dezatela, behintzat, hizkuntza guregatik aldatu.

Hona bizitzera etorri aurretik ezagutzen al zenuten AEK-k egiten zuen lana?

Fombuena. Beizaman bizi den lagun bat badugu eta duela bi urte komentatu zigun gutxi gorabehera zer den Korrika. Euskaltegien mugimenduaren inguruan zerbait bagenekien, irakurketen bitartez jakin izan dugu gau eskolak martxan jartzeko herrigintzatik zenbat lan egin behar izan zen. Zorionez, badirudi, gauzak hobetoxeago daudela orain.

 

Alberto Fuembuena: «Jakin izan dugu gau eskolak martxan jartzeko herrigintzatik zenbat lan egin behar izan zen»




Korrika zer iruditzen zaizue?

Martinez. Ni liluratuta nauka antolaketa honek guztiak. Harrituta nago ekimen honekin. Hainbeste kilometro eta hainbeste egun, gelditu gabe lasterketa bat martxan egotea, ez sinestekoa da.

 

Luly Martinez: «Ni liluratuta nauka Korrikaren antolaketa honek guztiak. Harrituta nago ekimen honekin»



Nola eskaini dizuete Korrikaren lekukoa eramatea?

Fombuena. Kukuak Kantuz taldekoak etorri zitzaizkigun proposamena eginez. Guk esan genien haietako edonork zuela guk baino zilegitasun handiagoa lekukoa eramateko, gu etorri berriak ginela. Baina tematu ziren guk izan behar genuela eta guk izan behar genuela.

Martinez. Bada, taldekideek esaten badute, gu konforme. Pozik.

Fombuena. Hain eskertuta sentitzen gara, hain ondo tratatzen gaituzue, ezin ezezkorik esan.

Non hartuko duzue lekukoa?

Fombuena. Haizea tabernaren paretik, Sacemgo bidea hasten den punturaino joango gara.

Martinez. Guk metro batzuk emango ditugu eta euskaltegiko gure ikaskideak ere gurekin joango dira. Adin bat badugu eta ez gara oso azkar joango; esan digute lasai egoteko, lekukoa daramanak markatzen duela erritmoa. Zain egon beharko dute pixka batean gure atzetik doazenak [barrez].

Beste nonbaiten harrapatuko al duzue Korrika?

Martinez. Saiatuko gara beste lekuren batean ikusten. Esan digute lekukoaren barruan dagoen mezua Korrika amaitzean irakurtzen dutela eta hori oso une hunkigarria izaten dela. Baionan denez aurten, saiatuko gara hara joaten.

Zer esan nahiko zeniekete euskara ez duten herritarrei?

Fombuena. Kanpotik etorri eta euskara ikasteko hautua egin dugun pertsonak oso ondo baloratuta gaude hemen, eta hitz egiten hasiz gero, errazago barkatzen zaigu hanka sartzea. Baina, alderantziz, arrazoi bategatik edo besteagatik euskara jaso ez duten eta bizitza osoa hemen daramaten askok lotsa handia sentitzen dute hitz egiteko. Eta hori pena handia da. Ezetz usteko dute, baina guk baino dezente gehiago dakite euskaraz.

Martinez. Nik salto hori ematera animatuko nituzke. Badakit ez dela erraza. Konturatzen naiz zaila duela hizkuntza gutxitu batek bizirauten hizkuntza handi horien aldamenean. Euskarak duen kalterik handiena da gaztelania duela ondoan. Batere jakin gabe, berdin-berdin bizi zaitezke hemen gaztelaniaz. Ni harrituta geratzen naiz askotan, Donostiara joan, denda batean sartu «kaixo» esan eta «hola» lehor batekin erantzuten didatenean.

Zer esango zeniekete Korrikan aterako diren euskaltzaleei?

Fombuena. Eskerrik asko, bihotzez. Guk ilusio handiarekin jarraituko dugu euskara ikasten. Niri euskara izugarrizko ondasuna iruditzen zait eta denok dugu hura zaintzeko ardura. Eta, zuoi, euskararen alde lan egiten duzuen guztioi animo handia, zuekin gaude, gure babes osoa duzue.

Martinez. Orain bi pertsona gehiago gara euskararen alde indar egiteko, eta nabarituko da, ziur nago. Eskerrik asko, batez ere, egin diguzuen harreragatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!