Beti izan naiz ahanzkorra. Zenbat aldiz ahaztu ote ditut bazkaria, sakelako telefonoa, diru-zorroa, betaurrekoak… baita Ataria-ko zutabea bidaltzea ere! Urteekin, gainera, aditu bilakatu naiz ezaugarri horretan. Euskaraldiaren txapa jartzen ahaztea, beraz, horren ondorio zuzena izango da. Hori sinetsi nahi dut, bederen. Izan ere, izan baitaiteke prebentzio neurri inkontziente baten ondorio ere.
Ea egoki azaltzen dudan. Gaur zortzi abiatu zen Euskaraldia, abenduaren 3a bitartean gure hizkuntza ohiturak aldatu eta euskarari leku gehiago eskaintzeko iraungo duen gizarte ariketa, ondoren egunotan egin dugun hautu hori denboran iraunarazteko helburuarekin. Ahobizi edo belarriprest izan gaitezke, eta hori adierazten duen txapa dugu adierazgarri.
Gure hizkuntza ohiturak aldatzea gure esku ere badago, baina gure ahalen gainetik dago diglosia haustea
Atzo zortzi eskuratu nuen nirea, eta gaur zortzi iltzatu nuen paparrean lehenbizikoz. Eta orduan bertan eta geroztik jarri dudan guztietan, orratzak azala ziztatu dit. Azala ziztatu dit ETBko zuzendari nagusi izendatu berriak bezala, EHUko errektore-gai bakarrak bezala, edota, nik dakit ba!, Eusko Jaurlaritzak adineko pertsonentzako Agenda Nagusi planaren barruan estreinatu berri duen web telebistak bezala. Baina, aizue, zer nahi dugu? Sendagile on bat ala sendagile euskaldun bat? Zizta.
Gure ahalen gainetik bizi ginelako etorri zen krisi ekonomikoa; gure neurrigabeko axolagabekeriak ekarri du pandemiaren bigarren olatua; eta euskararen diglosia ere gure nagikeriaren ondorio da. Zizta, zizta eta zizta.
Gure hizkuntza ohiturak aldatzea gure esku ere badago, baina gure ahalen gainetik dago diglosia haustea. Horretarako ere behar ditugu sendagile euskaldun on askoak osasun zentroetan, zuzendari euskaldun on askoa telebistan, errektore euskaldun on askoa unibertsitatean… Eta hori Euskaraldiaren kanpaina finantzatu eta hein handi batean berenganatu duten erakunde publikoen esku dago.
Baina, aizue, ziztadak gorabehera, paparrean iltzatuta eta paparra altxatuta eramango dut txapa, nire ahanzkortasunak eta inkontzienteak uzten didaten artean, dozenaka mila euskaldunon ahaleginari esker, gure ahalen gainetik bizi gaitezen euskaraz.