Gizonezkoekin naturalki irteten zaidan hizketa-moldea kasu partikular batzuetan baino ez ninan erabiltzen emakumeekin: Hitanoa. Emakumeekin irratsaioan eta gai-jartzailetzan bakarrik lortzen ninan noka etengabe erabiltzea, nonbait, mikrofonoa sudurraren parean ikusteak alertan mantentzen nindinan. Aldiz, segurtasunik gabe sentitzen nindunan egoera informaletan.
Beraz, 11 egunez haietan, noka erabiltzea erabaki ninan, amarekin eta beste emakume jakin batzuekin izan ezik. Bi izan hitunan gakoak:
Bat: aldaketa egun batetik besterakoa izan hunan. Hautu kontziente bat izan hunan, ondo pentsatua, baina hasiera egun zehatza zuena. Hizketa-moldea aurrez ondo hautatzeari esker, lasai hitz egiten ninan emakumeekin Nokaldian. Momentuan ez ninan aukerarik egin beharrik. Hautua egina ninan lehenago, eta garbi ninan: parekoak ez egiteko eskatu ezean, noka egingo nuela.
Bi: jolasa hunan niretzat. Nokatik zukara pasatuz gero, barre egin, noka berreskuratu, eta aurrera! Zukara pasatzea ez hunan porrota. Zukara pasatzea prozesuaren parte hunan. Eroriz ikasten omen dinagu oinez, ezta?
Bestalde, esan beharra zagon, oso jende gutxik darabilela noka eta beraz, oso jende gutxik zuzentzen ninduela. Hori ere eskertzekoa izan hunan, zeren, aditz bat gaizki erabiltzen nuen bakoitzean norbait zuzentzen aritu izan balitzait, ez zakinat hautuarekin jarraituko nukeen. Hori bai, zuzentzen nindutenei eskerrak eman beharrean nagon. Izan ere, goxotasunetik eta urratsez urrats lagundu zidaten bi urte hauetan zehar.
Bihartik aurrera, txapatik txipera pasa eta saiatu hadi euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzen. Erortzea libre dun. Erortzea beharrezkoa dun.
Horrekin guztiarekin nora iritsi nahi dudan? Bada, gaur amaituko dun bigarren Euskaraldia. Erronkak jarri izango dizkion hire buruei. Zenbat gauzatu ditun? Zenbatekoa izan dun frustrazioa? Ez dadila haria eten!
Bihartik aurrera, txapatik txipera pasa eta saiatu hadi euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzen. Erortzea libre dun. Erortzea beharrezkoa dun. Gora estropezuak, orkatila bihurrituak eta erorikoak!!! Horiek gabe ez nindunake orain noka erabiliz zutabe hau idazteko gai izango, nahiz eta seguru nagoen aditzen bat edo beste gaizki erabili dudala.
Altxa, belauneko urratua, horixe, urratua baino ez dela izan ziurtatu, irri egin eta aurrera! Umorez lortu ziteken. Eta, ez baldin bahago umorez, bada ez dun garaia oraindik; ez behartu hire burua.