Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Amezketarrek ere txapela bana merezi dute

Ataria 2018ko maiatzaren 27a

Urduritasuna, sufrimendua, oihuak, txaloak, malkoak, besarkadak... festa. Festa handia, goizetik gauera arte Amezketatik eta inguruetatik Bilbora joandakoek Bilbon sortu dutena. Altunaren txapelaren zati bat ere beraiena da.

Alegiatik, Tolosatik, Asteasutik, Anoetatik, Ikaztegietatik, Abaltzisketatik... eta, nola ez, Amezketatik. Eskualdeko txoko askotako zaleak joan dira gaurkoan Bilbora, Jokin Altuna animatzeko asmoz. 

Jokin Altunaren senideak –attona Joxe ere bai–, kuadrillakoak, herritarrak, Iñaki Amundarain alkatea; eskualdeko pilotari ugari –Jaka, Urruzola, Urretabizkaia, Peña...–, Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria, Julen Telleria telebista aurkezlea, Juantxo Arakama Glaukomako abeslaria... aurpegi ezagun ugari izan dira Bizkaia pilotalekuan.

Goizetik festa giroa izan da nagusi, trikitixa doinuekin eta amezketarraren aldeko oihuekin.

Partidan zehar asko sufritu dute zaleek, baina merezi izan du. Txapela Amezketara doa. Eta txapela horrek amezketar guztien buruak estali ditzake. Baina lastima txapela bana ezin etxera eramatea. Guztiek merezi dute eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!