Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Jokin Altuna, buruz burukoan ere txapeldun!

Ataria 2018ko maiatzaren 27a

Lehen mailako buruz buruko txapela irabazi du, lehen aldiz, Jokin Altuna amezketarrak. Final izugarri gogor batean 22-14 nagusitu da Olaizola II.aren aurka.

2018ko maiatzaren 27a. Amezketaren eta euskal kirolaren historiara pasako den data da: Jokin Altuna lehen aldiz buruz buruko txapeldun bihurtu zenekoa.

Eta txapelketa irabazi bakarrik ez: letra larriz PILOTARIA, pilotari bikaina dela erakutsi du amezketarrak. Buruz burukorako askok ez zuten kontutan hartzen, baina kantxan heldutasunez jokatuz eta bere magia erakutsiz, bere bigarren txapela irabazi du. Biak ala biak, merezitakoak. 

Maila handiko pilotariak utzi ditu atzean, txapelak irabaztea zer den badakiten Urrutikoetxea edota Ezkurdia. Finalean, berriz, handienetan handienetakoa: Aimar Olaizola. Amezketarrak txikitatik miretsi izan duen pilotaria. Horrek ere badu meritua.

Partida oso parean hasi dute bi pilotariek, tanto benetan gogorrak jokatuz. Bost berdinketen ostean, 8-14koan sei tantoko aldea lortu du Altuna III.ak. Ez da nahikoa izan, goizuetarra tanto bakarrera gerturatu baitzaio: 13-14. Berdinketa ere eskuan izan du, baina aukerako pilota ez du probestu eta berriro ihes egin dio Altuna III.ak. Erabakigarria izan da, 20ra joan baita errenkan amezketarra.

Amaieran, 22-14 eta zoramena. 22 urterekin, Jokin Altuna txapeldun!

Erlazionatuak

Bilbo urdina da gaurkoan

Mikel Iraola 2018 mai 27 Amezketa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!