Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Bilbo urdina da gaurkoan

Mikel Iraola 2018ko maiatzaren 27a

Goizeko 10:00etan abiatu da lehen autobusa Bilbo aldera, eta jai giroan pasa dute goiz osoa Alde Zaharreko kaleetan barrena.

10:00etan zuten lehen hitzordua amezketarrek. Kamiseta urdinak soinean zituzten amezketarrez betetako autobusa minutu gutxira abiatu da Bilbo aldera, Beartzana jatetxean Zalditeriako Zazpigarrenaren doinuak jartzearekin batera. Bagoaz! Txapelakin itzuli! zioten herrian geratzen zirenek.

Bidean ginela, Joseba Bereziartua 'Latu'-k zuzenean hitz egin du Euskadi Irratiko Amarauna saioan, baita Aimar Olaizolaren beste zale goizuetar batek ere. Horrekin batera piztu dira Amezketako zaleak, eta orduantxe entzun ahal izan dira eguneko lehen ohiuak. Jokin! Jokin! Jokin!

Behin Bilbora iritsita, Plaza Berrira abiatu dira amezketarrak, eta Zazpikale ingurura gero. Garazi eta Jokin Tolosa trikitilari eta pandero joleek girotu dute goiza, eta izan da dantza egitera ausartu denik ere. Bilbotarren batzuk ere Jokinen aldeko oihuak bota dituzte.

Gaur Bilbo urdina da, datorren urtean gorri izateko nahia nagusi bada ere. #AupaAltuna!

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!