2021eko ordenantza fiskalak onartu dituzte

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 28a, 20:59

Amasa-Villabonan zerga eta tasak izoztea erabaki dute, %5eko igoera izango duen hondakinen tasarena izan ezik; Oposizioa abstenitu egin da

Tasa, zerga eta udal zerbitzuengatik ordaindu beharreko kuota ia guztiak igoerarik gabe mantenduko ditu Amasa-Villabonako Udalak 2021ean. Aldi berean, aurretik jasota zeuden hobari guztiak mantenduko ditu. Osasun krisia bizi dugun garaiotan, tasak bere horretan mantentzea, «zentzuzkoa eta beharrezkoa» ikusten du udal gobernuak, Xabat Laborde alkateordearen hitzetan.

Salbuespena hondakinen tasan egingo dute. Datorren urtetik aurrera %5eko igoera izango du tasa horrek. Tolosaldeko Mankomunitatean aurreikusi gabeko hainbat gastu direla-eta, Amasa-Villabonak egin beharreko ekarpena handitu egin dela argudiatu du udal gobernuak igoera aplikatzeko (2020an aurreikusitakoa baino gutxienez 50.000 euro gehiago). Gainera nabarmendu du urte askotan ukitu gabe egon den udal tasa bat izan dela. «Urte luzez izoztuta egon den tasa bat da eta alboko udalerrietan hondakinen bilketagatik herritarrek ordaintzen dutenarekin alderatuta, gurean ordaintzen duguna oso kopuru baxua da. Amasa-Villabonako herritarrek urtean 89,36 euro ordaintzen dituzten bitartean, Tolosan 129,80 euro, Asteasun 132,96 euro, Ibarran 237,36 euro edota Zizurkilen 145,40 euro ordaintzen dira. %5eko igoera handi xamarra dirudien arren, hiruhileko fakturan, 1,12 euroko igoera suposatzen du, bataz beste. Hurrengo urtean, aurten baino 4,48 euro gehiago ordaindu beharko dute».

EH Bilduren aldeko 7 botorekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu dira ordenantza fiskalak. Maria Luisa Arija sozialistak bere abstentzioa argudiatzerako garaian bizi dugun testuinguruari egin dio erreferentzia. «Ez da logikoa» nabarmendu du PSE-EEko zinegotziak. «Herritarrak udal tasa eta zergak ordaintzeko ezinean dabiltza, fakturak ordaintzeko laguntza eske datozkigu eta guk orain ezin dugu zerga hori igo». EAJk berriz kontzeptualki egin dio kritika erabakiari. Patxi Agirre zinegotziak ez du egokia ikusi erabakia: «Oinarrizko diren zenbait zerbitzuetan tasak igo eta beharrezkoak ez direnetan, ibilgailuen zergetan adibidez, hobariak aplikatu. Ez gaude ados». Gainera, hondakinen bilketaren inguruan pausorik eman ez izana leporatu dio udal gobernuari: «Azterketa sakona egin behar zela esan zenuten eta ez duzue egin». Laborde alkateordeak Agirreri erantzunez aipatu du Tolosaldeko Mankomunitatearekin sentsibilizazio kanpaina bat ari direla lantzen. «Ez bakarrik COVID-19arekin, aurretik ere bazetozen praktika desegoki batzuk eta horiek bideratu nahi genituzke kanpainaren bitartez; Esate baterako, lurrean uzten diren poltsen kopurua handitu egin da eta hondakin organikoa desegiten ez diren poltsetan botatzen da edukiontzira, hondakinaren kalitatea jaitsiz; gainera askotan traste handiak ateratzeko eguna ere ez da errespetatzen». Aurki emango omen du udalak diseinatzen ari diren sentsibilizazio kanpainaren berri. Labordek azpimarratu du gaikako bilketaren ehunekoa, urtarriletik uztailera, %6 jaitsi dela eta horrek hondakinen tratamendurako diru gehiago bideratu beharra dakarrela.

Hondakinen bilketa eta tratamendua zerbitzu defizitarioa izan behar duela aitortuta ere, udaleko ekonomian eta aurrekontuan pisu handiegia hartzen ari zela uste du gobernu taldeak. “Jendearentzat ahalegin txiki bat izango da eta udal ekonomiarentzat oxigenoa ekarriko du, udalak bere zerbitzu guztiak ematen jarraitu ahal izan dezan. Azken batean, udaleko kontuen orekari eustea ere bada gobernu honen ardura”.

Alderdien mahai bat osatuko da

Pandemiaren garaiotan “adostasuna” eta “elkarlana” bezalako hitzak erabili zituzten ahotan alderdi politikoetako ordezkariek astearteko osoko bilkuran, baina elkarri mokoka jardun zuten galde-erreguen txandan. EAJko ordezkariak harridura azaldu zuen Amasa-Villabonako udal gobernuak, COVID-19aren inguruko informazioren kudeaketagatik. Oposizioari informaziorik pasa ez izana egotzi zion gobernuari. “Ez diozue jaramonik egin Santu Guztien egunari begira EAJk egindako proposamen eraikitzaileari”, esan zuen Agirrek. Labordek ez dio ikusten elkarlanerako “predisposizio handiegirik” alderdi jeltzaleari; “Santu Guztien egunerako proposamenak komunikabideetan argitaratzen badituzue udal gobernuari erakutsi aurretik, elkarlana dezente zailtzen duzue”.

Dena dela, EAJk leialtasun osoa agertu nahi izan zion EH Bilduri eta elkarlanerako proposamena luzatu zuen Agirrek astearteko bilkuran: “Ez dugu polemikarik nahi, osasun egoera honi buelta emateko elkarlana hartu dezagun abiapuntutzat. Dei egiten diogu udal gobernuari alderdien arteko presazko bilera bat deitu dezan herrian Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurriak nola aplikatu zehazteko eta zein arazo zehatz ditugun ikusteko. Bileran alderdietako ordezkariez gain, udal idazkari, kultura teknikari udaltzainen burua eta beste teknikariek parte hartzea eta batzordearen izaera iraunkorra izatea proposatzen dugu”. Udal gobernua horrelako foro bat osatzeko asmotan zebilela berretsi zuen Labordek, eta berandu baino lehen, bilera baterako deialdia egingo dutela eman zuen ezagutzera.

Beatriz Unzue alkateak osoko bilkura ixteko eskaera bat luzatu zion EAJri, azken asteotan alderdi jeltzaleak eta udal gobernuak izan duten gutun trukea hizpide hartuta: “Alkate bezala ez dut onartuko EAJk alderdiak udal langileak modu honetara tratatzea. Errespetu falta handia iruditzen zait eta ez dut onartuko haien profesionaltasuna zalantzan jartzea. Ez da behin bakarrik pasa. Langile ordezkariek kexa bat bideratu digute hiru alderdioi eta nire aldetik esan nahi diet gure babes osoa daukatela eta izango dutela aurrerantzean ere”.

Martin Villa pertsona 'non grata' izendatu dute

Amasa-Villabonako Udalak adierazpena onartu zuen astearteko osoko bilkuran, Rodolfo Martin Villa, Espainian gobernazio eta barne ministro izandakoa, besteak beste, pertsona non grata izendatzeko. EH Bilduk eta EAJk adierazpena egitearen alde bozkatu zuten eta PSE-EEk, berriz, aurka; Arija zinegotziak esan zuen adierazpena onartzea “eguzkiari topa” egitea dela eta balio handiagoa eman zien duela urtebete Espainiako gobernuak Francoren hilotza Erorien Haranetik ateratzeari edota onartzear dagoen memoria historikoaren legeari.

Honenbestez, Martin Villa pertsona non grata izendatzeaz gainera, Amasa-Villabonako Udalak Espainiako gobernuari eskatu dio, 2015eko martxoaren 13an ministro kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uztea (Servini epaileak ministro ohiari deklarazioa hartzeko egindako estradizio eskaerari zegokion erabakia); Aldi berean, udalak eskatu du estatuak behar bezalako neurriak har ditzala, diktadura frankistan eta trantsizio politikoa deitutakoan gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak Espainiako auzitegietan ikertu eta epaitu ditzaten; Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu eta Argentinako epaitegiari egiten ari den lanarekin jarraitzea eskatu dio Amasa-Villabonako Udalak; Amaitzeko, Espainiako presidente izandakoek eta beste zenbait ordezkarik gutun bidez Martin Villari emandako babesa salatu du, "memoria demokratikoaren aurka doalako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!