Aste honetan, EAJ alderdiak alkatea, gobernu taldea eta udaltzaingoa publikoki kritikatu ditu, Amasa-Villabonako Udaltzaingoak protokolo propiorik ez duela eta kalean ikusten diren arau hauste ugarien aurrean isun gutxiegi jartzen direla esanez.
1. Udal gobernu honek hasiera hasieratik eta bere iniziatibaz, Covid-19aren pandemia dela eta ezarritako segurtasun arauak errespetatzeko mezua kaleratu du etengabe, horretarako hainbat baliabide erabiliz: kartelak, panelak gutxienez bi buzoneaketa, prentsaurrekoak... Zeregin horretan, oposizioaren laguntza eta elkarlana hutsaren hurrengoa izan da. Gobernu honek EAJ-PNVren proposamen bakarrak komunikabideen bidez jaso zituen eta hala ere kontutan hartuak izan ziren.
2. Gure Udaltzaingoak protokolorik ez izatea leporatzen digute. EAJ-PNVko kideei eskatzen diegu Udaltzaingoak protokolo propioa duen herriren bat ezagutzen badute, udal gobernuari jakinaraztea. Izan ere, alderdi ezberdinek gobernatzen duten Gipuzkoako herrietako udaltzaingoekin harremanetan jarri gara eta oraindik ez dugu herriko protokolo indibiduala duen udaltzaingo bakar bat ere aurkitu. Harrigarria egiten zaigu, inon ez dagoena, (EAJ-PNV gobernuan dagoen herrietan ere ez) Amasa-Villabonan ez egotea publikoki kritikatzea. Oposizio honek duen jarrera eta mailaren erakuslea.
3. Udal gobernu honek bere babes eta konfiantza osoa adierazi nahi die Amasa-Villabonako Udaltzaingoa osatzen duten agente guztiei eta ez du onartuko inork beraien profesionaltasuna zalantzan jartzerik. Gure ustez, eta bereziki azken hilabeteetan lan bikaina egiten ari dira, EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Zentrotik eta Osasun Sailetik jasotako jarraibideak zintzo betez. Udaltzainek, egunero jendeak arduraz joka dezan kontzientziazio lan eraikitzaile bat garatu nahi izan dute, identifikatutako arau-hausteen aurrean ohartaraziz edo kargu hartuz, hasieratik isuna edo zigorra helburu izan gabe. Gainera, arau-hausleek kasurik egin ez duten kasuetan, Udaltzaingoak zigor espedienteak osatu eta Segurtasun Sailera bideratu dituenean, Ertzaintzak zigor horiek ez ditu tramitatu eta ezerezean geratu dira. EAJ-PNVri egoera hori jakinarazi zaion arren, hau ez dute publikoki aipatu nahi izan.
4. Nahiz eta EAJ-PNVk hori irudikatu nahi izan, udal gobernu honek ez du uste gure herriko kaleetan "osasun publikoa arriskuan jartzen duten ez-betetze egoerak" ohikoak eta orokorrak direnik eta ondorioz, Udaltzaingoak isun edo zigor gutxiegi ezarri dituenik. Gure ustez, salbuespenak badaude ere, herritarren gehiengo oso handia jokabide arduratsua erakusten ari da egunez egun eta hori eskertzekoa da. Herri honetan arau-hausteak ohikoak direla ulertzera ematea, ez zaigu justua iruditzen. Jendea egiten ari den esfortzua asko baloratzen dugu.
5. Gure ustez ez da onargarria, EAJ-PNV alderdiak Covid-19aren pandemia egoera honetan oposizio politiko hutsa eta udal gobernuaren desgaste lana soilik egin nahi izatea, ezarri diren arauen gaiarekin eta udaltzaingoaren lanaren inguruan demagogia eginez. Momentu honek guztion arteko elkarlana eskatzen du, baina zoritxarrez gure udaleko oposizioaren aldetik ez dugu elkarlanerako ez asmorik ez gogorik ikusten. Pena bat da, baina guk oztopo guztien gainetik gogotsu lanean jarraituko dugu herri honen alde.
Amasa-Villabonako udal gobernu taldea