Gutuna

COVID-19arekin lotuta, Udaltzaingoarentzat protokolo zehatzik ez egotea kritikatu du EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako EAJ 2020ko urr. 14a, 10:14

“Egoera honen erantzukizuna alkatearena da”, esan du Amasa-Villabonako EAJren udal taldeak.

Udako oporrak baino lehen, EAJren udal taldeak, egiten ari zen ekarpenen ildotik, zenbait proposamen egin zizkion EH Bilduko gobernu taldeari, herritarren kontzientziazioari eta koronabirusaren aurkako araudia betetzeari buruz. Egindako proposamenetako batzuk (hiri erdigunean informazio panelak jartzea) nahiko azkar garatu ziren, baina ez ordea beste batzuk, hala nola buzoneo bat egitea (hilabeteak behar izan dira hori gauzatzeko) edo berariazko informazio zehatza jartzea saltokietan eta ostalaritzako lokaletan (oraindik egiteke dago).

Udaltzaingoarentzat neurri espezifikorik ez zegoela zirudienez, informazio-eskaera bat erregistratu genuen urriaren 6an, jarduera-protokolo baten existentziaz eta haren ezaugarriez galdezka. Era berean, udaltzainek uztailaren 1etik gaur egun arte egindako zehapen-proposamenen kopurua ere eskatu genuen.

Gure harridura handia izan da; izan ere, Euskadiko Udaltzaingoak Koordinatzeko Zentroak ezarritakotik eta Eusko Jaurlaritzak (Segurtasun eta Osasun Sailak) ezarritako irizpideetatik harago, gaur egun ez dago gure herriko behar eta egoera espezifikoetara egokitutako jarduketa-plan zehatzik; hau da, Udaltzaingoak gaur egun ez du bere  lan planean barneratuta COVID-19aren “bigarren olatuari” eusteko bideratutako metodorik (ibilbide jarraituak kale nagusietan eta kutsatzeko arrisku handieneko guneetan, aforoak...).

Eta gure harridura areagotu egin da, jakin baitugu 4 zehapen-proposamen baino ez direla erregistratu araudia ez betetzeagatik, uztailetik gaur arte.
 Gure ustez, jokabide hori ez da nahikoa. Gaur egun, edozein herritarrek ohartarazten du kaleetan zehar egindako ibilbide labur batean osasun publikoa arriskuan jartzen duten ez-betetze egoerak daudela (kaleetan biltzen diren pertsonak distantzia soziala mantendu gabe, maskarak gaizki erabiltzea, ostalaritza-establezimenduetan distantzia ez betetzea...). Eta, gainera, herritarrek ikusten dutena da udaltzainak ez daudela egoera horri aurre egiteko.

EAJren udal taldearentzat bada garaia norabide hori aldatzeko. Alkatetzatik oso neurri zehatzak hartzeko garaia da, udaltzaingoak bere informazio lana egin dezan lehenik, disuasio lana gero, eta, azkenik, zehapen proposamenak abian jartzeko, beharrezkoa bada. Beharrezkoa da alkateak gaiari buruzko neurriak hartzea (hobe da inoiz baino berandu) eta, bere eskumenen arabera, jarduteko protokolo espezifiko bat ezartzea.
 Batez ere, banakako eta taldeko erantzukizunaren bidez erasotzen zaio koronabirusari, baina baita udaltzaingoak trafikoaren arloan aplikatzen dituen mekanismoak aplikatuz ere. Arlo honetan ezer ez egitea guztion osasuna arriskuan jartzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!