Iraitz Arrospide, ametsak egi bihurtuz

Mikel Iraola 2018ko uzt. 27a, 10:01

Arrospide, Espainiako Maratoi Txapelketan hirugarren egin ostean

Espainiako Selekzioak Europako Maratoi txapelketa lehiatzeko hautatu du korrikalari billabonatarra.

Espainiako Atletismo Federazioak aste honetan eman du jakitera Europako Atletismo Txapelketara joango diren atleten zerrenda. 96 kirolarik osatzen dute zerrenda hori, eta horien artean da Iraitz Arrospide korrikalari billabonatarra.

Urte borobila egin du Arrospidek. Besteak beste, hirugarren amaitu du Espainiako Maratoi Txapelketan, baita Behobia-Donostia lasterketan ere. Nazioarte mailako lehian ere aritu da aurten, estreinakoz.

Realeko atletak, ordea, ez du lortu Europako txapelketara joateko Federazioak eskatzen duen gutxieneko denbora. 2 ordu eta 16 minutuko denboran aritu da, bataz beste. Hala eta guztiz ere, «aurrerakada nabarmena» izan duela iritzita, zerrendan sartzea erabaki du Ramon Cid hautatzaileak: «Izugarrizko progresioa erakutsi du azken urteotan, eta asko lagundu gaitzake», azaldu du Cidek.

Hain zuzen, Behobia-Donostia amaitu berritan Martin Fiz atleta ohiak Europako Txapelketara joateko lehian izango zela esan zion. Arrospidek ez zuen sinetsi ere egiten. Bada, ametsa izatetik errealitate izatera bihurtu da hilabete gutxitan: «Helburu bihurtu zen bat-batean. Izugarrizko poza sentitzen dut, baina jakitun naiz oraindik ez dudala ezertxo ere egin. Lasterketaren egunaren zain nago, eta helmugara iritsi behar du. Orduan amaituko da guztia», azaldu du Arrospidek sare sozialetan.

Helburua lortzeko bidean lagundu diotenei eskerrak emateko ere baliatu ditu sare sozialak billabonatarrak: «Nirea beharrean, gurea da lorpena. Eskerrik asko familiari, John Wood entrenatzaileari, baita taldekide guztiei ere. Guztia ongi irten dadin nahi dut, ez nigatik soilik, talde guztiagatik baizik. Nigan konfiantza jarri dutenengatik», aitortu du.

Espainiako selekzioarekin bost gizonezko eta bost emakumezko arituko dira. Taldekako sailkapenean podiumean amaitzea dute helburu. Horretarako talde bakoitzeko lehen hiru sailkatuen denborak batzen dituzte. Javier Guerra, Jesus España, Camilo Santiago eta Pedro Nimo izango dira Arrospideren taldekideak. «Lortuko dugu!», dio, itxaropentsu, Arrospidek.

Europako Txapelketak Berlinen jokatuko dira, abuztuaren 6tik 12ra. Arrospidek azken egun horretan, igandez, hartuko du parte maratoian, 10:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!