Iraitz Arrospide, hirugarren Espainiako Maratoi Txapelketan

Ataria 2018ko ots. 25a, 19:04

Argazkia: Real Sociedad Atletismo

Iraitz Arrospide billabonatarra hirugarren izan da Sevillan jokatu den Espainiako Maratoi Txapelketan. Horrez gain, bere marka pertsonala hobetzea lortu du.

Ederra egin du, berriro ere, Iraitz Arrospidek. Espero gabeko emaitza lortu du Espainiako Maratoi Txapelketan: brontzezko domina. Javi Guerra izan da txapelduna, eta Jesus España igo da podiumeko bigarren lekura.

Lasterketako azkarrena, ordea, Tuwei Dickson keniarra izan da. 2:08:22ko denbora egin du. Segundo bakarrera helmugaratu da Laban Kipkemboi, eta hirugarren Kimtai Andrew izan da. Sailkapen orokorreko laugarren postuan sailkatu da Guerra, 2:08:36ko denborarekin, eta lehen korrikalari espainiarra izanik, bera izan da txapeldun. 2006tik inork ez zuen lortzen 2:09:00tik jaistea.

Arrospide 14. izan da sailkapen orokorrean, txapeldunarengandik zortzi minutura. Billabonatarrak, hala ere, bere marka pertsonala puskatu du. 2:18:09ko denbora lortu zuen joan den irailean, Berlinen. Gaur, Sevillan jokatutako lasterketan, ia bi minutu gutxiago behar izan ditu. 2:16:24ean geratu du kronometroa. Kilometroa, bataz beste, 3 minutu eta 13 segundoan egin du.

Oso pozik

Proba amaitu bezain laster, Euskadi Irratian hitz egin du eskualdeko korrikalariak. Pozarren zegoen: "Oso pozik nago, ez nun horrelakorik espero. Maila oso altuko jendea zegon, baina maratoia proba luzea da, eta lasterketa ona egin dut", aitortu du.

Arrospidek beste helburu bat ere bazuen: Europako txapelketarako gutxieneko denbora (2:14:30) lortzea. Hasierako kilometroetan segundoak galtzen hasi eta ohartu da helburu hori lortzea ez zela posible izango: "Hortik aurrera lasterketa ona egiten saiatu naiz. Taldetxoa osatu dugu eta ondo sentitu naiz. Desgaste handia egon da eta momenturen batean gaizki ere pasa dut, barea tarteko". Baina bukaerara indartsu iritsi da Arrospide, eta hegan egin du: "Azken kilometroetan banekien hirugarren izango nintzela, eta ilusio handiarekin iritsi naiz helmugara".

Pozez txoratzen egonda ere, billabonatarrak onartu du ez duela goia jo: "Uste dut oraindik hobetzeko asko daukadala. Lanean jarraituko dut, gogor saiatzen".

Asteburuan bizitako esperientzia osoa ere itzela izan dela nabarmendu du: "Espainia mailan gorenean dagoen jendea ezagutzea oso esperientzia ona izan da". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!