Leongo istripua eragin zuen gidaria kartzelara, bermerik gabe

Ataria 2018ko ekainaren 30a

Argazkia: Leonoticias

Bermerik gabeko behin-behineko espetxe zigorra ezarri dio epaileak Villabonako bikotea harrapatuta hil zuen gidariari. Bi giza hilketa egin, ausarkeriaz gidatu, zauri larriak eragin eta biktimei laguntza ukatu izana leporatu dizkio.

Villabonako bikotea harrapatuta hil zuen eta haien 12 urteko semea zauritu zuen gidaria espetxean da dagoeneko. Villahierroko kartzelan dago, Mansilla de las Mulas herrian (Leon).

Gaua kalabozoan pasa ostean, gidaria atzo arratsaldeko lehen orduan pasa zen Sahagun herriko epailearen aurretik, Leongo Guardia Zibilaren Trafiko Unitateak atestatua amaitu ostean. Akusatua bi Guardia Zibilek lagunduta joan zen epaitegira, eta burua estali zuen ezagutua ez izateko. Bertako bizilagunen irainak ere entzun behar izan zituen.

Epaileak delitu bat baino gehiago leporatu dizkio gidariari: alde batetik, Villabonako bikotearen hilketa eta haren 12 urteko semeari zauri larriak eragin izana. Bestetik, ausarkeriaz gidatzea egotzi dio, izan ere, baimendutako alkohol tasa baino bost aldiz handiagoarekin ari zen gidatzen istripua eragin zuen unean.

Horrez gain, biktimei laguntza eman ez izana ere leporatu dio epaileak. Izan ere, epaiaren arabera, istripuaren ondoren gidaria autotik jaitsi zen, eta segituan berriro ere autora igo zen, handik alde egiteko. Ia 20 kilometrora zegoen puntu batean atzeman zuen Guardia Zibilak, lekukoen laguntzari esker.

Defentsak, aldiz, behin-behineko askatasuna eskatu zuen gidariarentzat. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!